Zigor Goikoetxea "Gorrion": "Ihes eginda daukadan anaia non dagoen jakitea besterik ez zuten buruan poliziek"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 9a, 20:46

Ihes eginda dagoen Arkaitz bere anaia non dagoen jakiteko asmoz atxilotu zutela uste du Zigor Goikoetxea "Gorrion" Azkorri auzoko gazte getxoztarrak; Espainiako Poliziari dagokionez behintzat. Baltasar Garzon epaileak katenaria bati egindako erasoari buruz egin zizkion galderak. Auzitegi Nazionalera iritsi baino lehen, ordea, bestelakoak izan ziren poliziek egindakoak: "ez ninduten inolako kale borroka ekintzari buruz itaundu, baizik eta anaia non dagoen ia banekien, etakidea nintzen... ", azaldu dio UKBERRI.NETi Goikoetxeak. Alabaina, epailearen helburua zein den argi dauka getxoztarrak: "atxiloketen bitartez, beldurra sortarazi eta jendea paretik kentzea; herriari atzera eginaraztea, finean". Bada, "guztiok batera norabide berean arraun egiteko garaia" dela dio Goikoetxeak; "zintzotasunez eta tranparik gabe" baina.

Zelan gertatu zen atxiloketa?

Gurasoen etxetik irten eta lanera bidean nihoan, 16:00etan sartu behar nintzelako. Orduan, autobusak gelditzen diren markesina parean nengoela, auto bat jarri zitzaidan atzean; eta barruan zeuden bi gazteak alboratu nintzala keinuka hasi ziren. Hori ikusita beldurtu egin nintzen. Are gehiago, atzeko kotxea azeleratzen hasi eta errepide erdian gurutzatu zitzaidanean. Inongo plakarik ez zuten erakutsi, ezta argi urdinik jarri ere. "Ze ostia ari dira hauek?" pentsatu nuen orduan eta kotxeko ateak blokeatu nituen. Derrepente, kapot gainera bota zitzaidan, beste autotik irten eta nire kotxeko ateak zabalik ezin zebilen tipoa. Nik atzera egin nuen orduan eta, 150 bat metroz eraman nuen kapot gainean, 50 kilometro orduko abiaduran. Filmetan bezala... bai. Baina, ezbeharren bat gerta zitzaigukeen; bai niri, baita berari ere. Ondoren, lurrera erori eta zauritu egin zen tipoa. Sakeleko telefonoa galdu ere egin zuela uste dut. Hori bai, atxilotu ninduenean ordainduko nuen, geroago.

Tiroak ere egon ziren.

Ni ihesean jarraitu nuen. Izan ere, altoa ez zidaten ematen, ezta Ertzaintza edo Espainiako Poliziako agenteak zirenik adierazi ere. Nonbaiten babestea zen nire asmoa, zer gertatzen ari zen ulertu ahal izateko. Hamar minutu luzez ibili nintzen autoan Getxoko kaleetatik gora eta behera, baina, berriro ere, beste auto bat gurutzatu zitzaidan errepide erdian; eta kotxetik irten eta korrika ihes egitea erabaki nuen. Nik 200 bat metro aurretik eta atzekoak tiroka eta, kasulitatez, Getxoko udaltzainak topatu nituen aurrez aurre, pistolen kanoia nigana zuzenduz. Hasieran ezkerrera egin nuen, baina pistolen kanoiak aurrean nituela eta atzekoak oraindik tiroka zebiltzala ikusita, lurrera botatzea erabaki nuen. Tiroa hartzeko arriskuan nengoen... Orduan atxilotu ninduten: tirabira txikia eta bilurrak jarri zizkidaten.

Sakeleko telefonoarena ordaindu zenuela aipatu duzu lehen.

Atxilotzeko unean kolpe eta kolpeka hasi zitzaizkidan, baina hortik aurrera ezer gutxi. Abokatuei eta Baltasar Garzon epaileari berari aitortu nion eta zuoi ere esaten dizuet, atxiloketa unea igarota, Espainiako Poliziak emandako tratua zuzena izan zela, nirekin behintzat. Jipoirik ez zidaten eman. Tira, aurrean kaputxadun polizia bat edo etengabe inguruan izateak lasaitasunik ez du ematen.

Gainontzeko sei gazteek kolpatu zituztela zabaldu da.

Bai, kontua da nik fibromialgia gaitza daukadala eta atxilotuta nengoela ere krisia izan nuela. Hala ere, botikak eskatu arren, ez zidaten kasurik egin. Deklaratzeko arazorik ez nuela ere esan nien; baina, nahi ala ez, berdin-berdin egin beharko nuela erantzun zidaten. Hala ere, berriro esaten dizut ez nindutela torturatu; estutzen saiatu bai, baina ez ninduten ukitu.

Atxilotutako beste gazteekin hitz egiteko aukera izan zenuen?

Madrilgo polizi-etxean ziegatik nola ateratzen zituzten entzun nuen, baina ez nuen berba egiteko aukerarik izan. Auzitegi Nazionalean, ordea, bai. Gainera, nahiko kezkatu ziren burua odoleztatuta nuela ikusi zutenean. Hala ere, agudo lasaitu nituen. Kontua da komisarian fibromialgia krisialdia izan nuenean, botikak ez zizkidatenez eman nahi, buruarekin barrei joko hasi nintzaiela. Lurrean bukatu nuen konorte gabe eta hiru ebaki buruan. Zauriak zauri, lehen esan dizudan bezala, niri dagokidanez, tratu zuzena izan zen. Kaputxak jarrita zu izutzen saiatzen dira beti, noski. Izan ere, egia esan ez duzu ulertzen, ezta zergatik atxilotu zaituzten ere. Gainera, suposatzen da zuk ustez egin duzun delitu baten gainean zeozer jakiteko galdetzen dizutela. Nire kasuan, behintzat, Ihes eginda dagoen Arkaitz nire anaia non dagoen besterik ez zuten jakin nahi: nik berarekin kontaktuan egon banagoela, informazioa ematen diodala... eta horrelakoak.

Zu harrapatzeko arrazoia hori izan al zela uste duzu?

Hori eta, esan zidatenez, jomugan nindutela: egunez egun lanean diharduen ni bezalako 30 urteko ezker abertzaleko kidea ezin zutela lasai egoten utzi eta ni berdurtzea lortu behar zutela. Ba, argi eta garbi esango diet: ez duzue lortu. Gainera, elkarrizketa hau irakurtzen ari zareten guztioi esan nahi dizuet ezin diegula gu beldurtuta ikusteko poztasuna eman. Tira, behin askatu eta kalera irteteko uneak ere latzak izaten dira; baina, behin, oinak lurrean sendo jarri eta gero, berebizikoa da gutxika-gutxika lanari ekitea eta herria egiten jarraitzea arlo guztietan: herriko jaiak, erakundeak, euskara, gazteria, gaztetxea... Esparru asko ditugu guztion artean lan egin eta eraikitzeko.

Garzonek gaixo zaudela lau haizetara zabaltzea nola hartu duzu?

Atxilotu aurretik ere, ez dut inoiz gaixo nagoela isilean gorde. Istripuren bat edo beste zer edo zer gertatu zaion jendea ere badagoen bezala, nik minbizi tumorea izan nuen barrabilean eta orain fibromialgiak jota nago; baina aurrera begiratu izan dut beti. Makurtzea eta zokoratzea da gaixo batek eduki dezakeen gaitzik handiena. Garzonena beste kontu bat da, uraren gainetik ibiltzen ahalegintzen da beti, burutazioak asmatzen. Atxiloketa hauetan ere beste horrenbeste: poliziek Arkaitzekin tematuta zeuden bitartean, ez dit ba Garzonek trenbide katenaria bati egindako erasoari buruz galdetzen. Berak erasoan Algortako beste bi mutilekin batera egon nintzala eta nik ezetz, ez nituela ezagutzen. Argi eta garbi adierazi nion epaileari polizia agenteek ez nindutela inolako kale borroka ekintzari buruz itaundu, baizik eta anaia non dagoen ia banekien, etakidea nintzen... bai zera! Alabaina, antza, ez zidan sinetsi: niri, senideei eta lagunei eragindako mina gutxi balitz, 6.000 euroko fidantza ezartzea erabaki zuen, baita Espainiatik ateratzeko debekua ere. Tenerifera ere joateko berari eskatu behar diot baimena. Ez al da ba Espainian?

Neurri horien helburua zein dela uste duzu?

Zakarki esanda, akojonatzea, zu paretik kentzeko. Herriari atzera eginaraztea, finean. Hori gertatzen bada akabo. Argi eta garbi eduki behar du jendeak. Euskal Herriak bizi duen gatazkari (politiko, soziala...) konponbidea bilatzekotan, guztion artean izan beharko da. Makila magikorik ez dago. Batzuek ez dute besteek baino arrazoi gehiago: ezker abertzalea ez da inor baino azkarragoa, ezta EAJ gaiztoetan gaiztoena ere. Konponbidea guztion esku dago. Kartak mahai gainean jartzeko garaia da, ezker abertzaleak egin duen bezala. Baina zintzotasunez. Ez du balio karta bat erakutsi eta beste bost mahai azpian ezkutatzea. Tranpak baino ez dira horiek. Behingoz, udal, aldundi eta Jaurlaritzako jesarleku eta negozioez kezkatzen utzi eta bakeari ekiteko garaia da.

Fidantzaren dirua lortzeko arazorik izan duzue?

Ke ba, arazoa eurek daukate. Ezker abertzalekoa ez den jendea ere hurbildu zait zelan nagoen galdetzeko. Batzuk guztia alde batera uzteko ere esan didate, baina ezetz esan diet. Inoiz baino garrantzitsuagoa da orain jo eta su lanari ekitea. Fidantzarekin lagunduz erakutsi zuen ederki baino hobeto jendeak. Besteak beste, Auzitegi Nazionaleko ziegetan solasaldian geundela, Mikel de Gregoriok berak esan zidan, dirua behar izatekotan, kanpoan egongo ziren bere ama eta anaiari eskatzeko. Arazorik ez nuela izango. Bistaz bakarrik ezagututa berba egiten hasi eta, bat-batean, 6.000 euroak jartzeko bere burua eskaintzeak harritu egin ninduen. Izan ere, askotan ez gara konturatzen inguruan dauzkagunen eskuzabaltasuna noraino hel daitekeen, zenbat emateko prest dauden... Izugarria da baten batzuek egunez egun egiten duten lana: euskararen alde, presoen alde... Sestao futbol taldeko jokalaria izanda, Degrek berak neskato batzuk entrenatzen ditu euskaraz. Eurei goraintziak ematen ere gogoratu ez zen ba... Kontua da errazagoa izaten dela gehienetan kritikatzea edo, bakoitzak egiten duenari erreparatu beharrean, egiten ez duenari buruz aritzea. Nik argi daukat: Euskal Herria traineru bakarra da eta elkarrekin egin behar dugu arraun guztiok, norabide berean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun