Lamiakoko araztegiaren aurka egiteko eskatu dio Aldundiari Eusko Abertzale Ekintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 13a, 20:55

Bizkaiko Batzar Nagusietako Eusko Abertzale Ekintzak (EAE) arauz besteko proposamena aurkeztu du, Bizkaiko Foru Aldundiari Lamiakon aurreikusitako hondakin uren araztegiaren (HUA) proiektuaren aurka ager dadin eskatuz. Alderdi ekintzailearen ustez, "guztiz neurrigabea eta desegokia" da proiektua. Gogoratu dutenez, auzokideek hilabeteak daramate proiektuaren kontrako bere jarrera agertzen, ekimen eta mobilizazioen bitartez. Azkena, larunbat honetan, Leioako artisautza azokan, non kontzentrazioa burutu eta proiektuaren inguruko informazioa zabaldu zuten. Gaur Eneko Arruebarrena alkate leioaztarrak adierazitakoa gezurtatu ere egin dute Rakel Olea eta Ana Ortega EAEko tokiko ordezkariek. Arruebarrenak Lamiakoko HUA txikiagoa izango dela esan du. Ekintzaileek, baina, "herritarrei informazioa ukatu eta eskutatzea" egotzi diete alkate eta udal gobernuari, "aurreproiektua pasadan urteko azarotik eginda baitago". Argazkian, araztegi baten instalazioak.

Plentzia-Gorlizetik Larrabetzurainoko ur zikinak (etxeetakoak zein lantegietakoak) tratatuko dituen plantaren proiektua arbuiatzeko hainbat arrazoi eman ditu EAEk. Batetik, "350.000 biztanle baino gehigoren ur zikinen tratamendua planta bakarrean" pilatu egingo dela, hau da, Lamiakon, diote ekintzaileek. "Hori gutxi balitz, proiektatutako araztegiak bere eremuan sortutako lohiak tratatzearekin batera, Galindokoak sorturikoak ere tratatuko lituzke, horretarako azpiegitura bikoiztuko litzatekeelarik", gaineratu dutenez. Zirkulazioan ere eragina izango luke, euren ustez, araztegia jartzeak: "Erreka ondoko errepidea desbideratuko litzateke, eta hortik bideratzen den ibilgailu kopurua Lamiako eta Makaleta (Txopoeta) auzuneak zeharkatzen dituzten errepide bietatik pasaraziko litzateke, auzuneotako bizi-kalitatea nabarmen kaltetuz", azaldu dute.

Proiektu desegokiak

Lamiakoko araztegia "auzuneotan azken hamarkadetan egin den beste proiektu desegoki bat baino ez" da Leioako EAEren iritziz. Metroa, proiektatutako tranbia eta "udalerria bitan zatitzen duen" Avanzada errepidea ere jarri dituzte "herritarren bizimodua kaltetu baino ez" dute egiten egitasmoen adibide. "Ezin aipatu gabe utzi auzuneok dituzten zerbitzu publikoen gabeziak: ez parkerik, ez kirol eremurik... Gainera, Leioako Udala gobernatzen duten taldeek hasiera batean inguru honetan aurreikusita zegoen kirol eremua Hirigintza Planetik ezabatu eta bere ordez egun BBKren eta MISA enpresaren lur-sailak diren gunean industria eremu berria eraiki nahi dute", salatu dute.

Araztegien aurka ez

Hala ere, Eusko Abertzale Ekintzak argi utzi nahi izan du ur zikinen tratamenduen aurka ez dagoela eta, ondorioz, ez dagoela ur zikinen tratamendua ahalbidetuko lukeen araztegi baten aurka, baina bere tamaina eta esparrua nabarmen mugatuz. "Gure ustez, Araztegi txikiagoak eta eremu apalagokoak planteatzetik bideratu beharko litzateke auzia, hots, Lamiakon egin beharreko araztegia bere inguru hurbilari zerbitzua emango liokeena izan beharko litzateke, horiekin batera beste hainbat proiektatu beharko liratekeelarik (Txorierrin, Uribe Kostan eta Getxon gutxienik), egun sistema osoak dituen ahuleziak gaindituz eta ur zikinen tratamenduak bizilagunengan sortzen dituen kalteak banatuz", azaldu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun