Getxoko Udalak emandako datuen arabera, topatzeko zailtasun handiak dituzten 190 lagunek lortu zuten lanpostua, 2006an Getxoko Behargintzak bultzatutako egitasmo eta jardueren bitartez. Getxo Ekinean II eta Getxo Ekinean III egitasmoen harira, ostiralean Algortako Fadura kiroldegian egin zen "Getxo Lan-In: Getxo Laneratzen" jardunaldian eman zuen horren berri tokiko arduradunek. Igaz, enplegu zentroak 2.600 langabetuei eskaini zizkien zerbitzuak. Horietatik 200 lagun gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak ziren. Beste 450 pertsonek aurrera eramaten ari diren egitasmo zehatzetan (Auzolan, Getxo Ekinean...) hartu zuten parte, eta horiei esker, %65 eta 75 arteko laneratzea lortu zen, udal iturrien arabera. 212 enpresa egitasmo bultzatu ziren eta horietatik 30 enpresa berri sortu, beharra topatu zuten 190 lagunez gain. Hori guztia, gainera, sarean egindako lanari esker lortu zen. Egitasmo horretan bildu ziren, Udala bera, 800 enpresa inguru, erakunde publiko, elkarte eta enplegu eta trebakuntza alorreko beste eragile batzuk.
Getxo Lan-In
Getxo Lan-In jardunaldiak, Getxoko Udalak, beste erakunde batzurekin osatutako sarearen bitartez, lana topatzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonei bideratuta egindako programa eta jarduerak ezagutzera ematea izan zuen helburu. Erakunde askotako, elkarte, ikastetxe, enpresa, alderdi politiko eta sindikatuetako partaide diren 450 lagunetik gora gonbidatu zituzten bertara. Imanol Landa alkateak, saioaren aurkezpenean adierazi zuenez, jardunaldiak Behargintzak orain arte egindako lanaren gaineko hausnarketa egiteko balioko du. "Lana ondo" egin dela iritzi zion udal agintariak: balorazio hori da Behargintzatik garatu eta bultzatutako jardueren helburu nagusiari eusteko erabiliko dena, “hots, gizarte-kohesioa hobetzeko. Getxon gizarte bidezkoagoa eta orekatuagoa lortzea da jomuga, lana edukitzea pertsonen garapenerako funtsezko elementua izan dadin”, bere hitzetan.
Langabeziaren beherakada
Behargintzako arduradunek ezagutzera emandako datuen arabera, Getxo udalerrian langabeziak behera egin du azken urteotan. 2.570 lagun zeuden langabezian aurtengo irailera arte eta, hortaz, langabezi tasa %6,9an kokatu da. Halere, alkateak nabarmendu zuen langabeziak eragin handia duela, batez ere 45 urtez gorako emakumeen artean. Hain zuzen, %9,3koa da emakumezkoen langabezi tasa, udalerriko bataz bestekoa baino ia hiru puntu altuagoa. Lanagatik soldata jasotzen duten emakumeak gizonezkoak baino gutxiago dira. Emakumezkoen jarduera tasa %37,5koa da, eta gizonezkoena, berriz, %53,65koa. Emakumezkoek eta etorkinek lana topatzeko zailtasunak; lan merkatuaren ezegonkortasunak; enpleguaren kalitateak; etxebizitza lortzea gero eta zailagoa izateak eta Oinarrizko Errenta jasotzen duten familia kopuruaren gorakadak (4.000 lagunetik gora direla); Getxo udalerriko jendartearen itxura aldatu dute, udal arduradunen arabera. “Pertsona hauek biztanleko eta familiako errenta handia duen udalerri baten txanponaren beste aldea dira”, esan zuen Landak. Ezin da ahaztu, gainera, 900 lagunek jasotzen dutela arlo horretako dirulaguntza.