Adin guztietarako kultur jarduerez bete dute azaroa eta abendua Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 13a, 22:59

Berangoko Kultur Etxeak hainbat ekintza antolatu ditu azarorako. Egitarauak adin guztietarako ekitaldiak barne hartzen ditu: tailerrak, dantza modernoa eta komiki ikastaroa, hitzaldiak edo argazki erakusketak, besteak beste. Horrela, udalerriko gaztetxoenek egunero ludotekan egiten diren ekintzetan parte hartzeko aukera dute. Astelehenetan psikomotrizitatea eta kirol ekintzak garatzen ari dira, astearteetan mahai jokoak, asteazkenetan jolas dinamikoak, ostegunetan tailerrak eta ostiraletan jolas librea. Gainera, hilaren 19tik 23ra Ludoteka Astea ospatuko da, ekintza bereziekin. Ostiralero Ludoklubak, 10 eta 12 urte, bitarkeko gazteei zuzendua, gainerako ekintzak eskaintzen ditu, 18:00etatik 20:00etara. Besteak beste, azaroaren 16an bingoa egongo da, 23an betiko jokoak eta 30ean kutxen dekorazio tailerra. Bestalde, hilean zehar, ostiralero, bideo bat proiektatuko da haur liburutegian, 17:30ean. Bukatzerakoan tailer bat ere egingo dute. Argazkian, aiton-amonak askaria egiten nagusien etxean.

Halaber, azaroan zehar gazteentzat ere prestatu dituzte jarduerak. Urtarrilaren 4ra arteko larunbatetan, “Brotxa lodia” tailerra eskainiko da, karikatura eta komiki tankerako irudiak egiten ikasi eta aldi berean Gaztelekuko hormak norberak egindako diseinuekin margotzeko. Gainera, hilaren 23rako, Berango Gauak ekimenak ginkana ez sexista antolatu du, 20:00etatik 23:00etara. Ikastaro berrien artean, berriz, “Tusor Kinekues” izenekoa nabarmendu dute tokiko kultur arduradunek. Larunbatero, 11:00etatik 13:00etara izango da, abenduaren 1etik otsailaren 9ra arte, kultur etxean. 7 eta 11 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. 8 euroko prezioa du Berangon erroldatuentzat eta gainerakoek 10 euro ordaindu beharko dute. Plaza mugatuak dira, horrexegatik, interesatuek izena eman beharko dute azaroaren 23a baino lehen.

Bestalde, larunbatetan ere, dantza moderno ikastaroa egingo dute, abenduraren 1etik ekainaren 7ra arte, 10:30etik 11:30era. 1996 eta 2000 urteen artean jaiotakoek parte hartu ahal izango dute horretan. Plaza mugatuak dira, hortaz, apuntatzeko epea azaroaren 23ra arte. 20 euroko prezioa du erroldatuentzat, gainerakoek 25 euro ordaindu beharko dute.

Helduentzako ikastaroak

Berangoko Kultur Etxeak arte lan ikastaroa antolatu du helduentzat, asteazkenero, 10:00etatik 12:00etara. Hilaren 28an hasiko da eta ekainaren 4an amaitu, Santa Ana kultur etxean. Izena emateko epea 21ean bukatuko da. Ikastaroa Patricia Rapssonek emango du eta 35 eurokoa izango da erroldatuentzat eta 40 eurokoa gainontzekoentzat. Materiala ikasle bakoitzak eraman beharko du.

Azaroaren 21ean, Caritas fundazioak “Txipirri Txaparra: ayuda a personas mayores” hitzaldia eskeiniko du Berangoko Nagusien Etxean, 17:30ean; eta 30ean, ordu berean, “Productos milagro y ventas especiales” izenekoa. Gainera, nagusien etxeak Zarautz-Getaria txangoa antolatu du hilaren 17rako, 8:45etik 18:30era. Prezioa 13 eurokoa da. Azkenez, hilaren 18ra arte “Anantapurrekin konprometituak” Vicente Ferrer Fundazioak prestatutako argazki erakusketa bisitatzeko aukera izango da Berangoetan. Horren ostean, 19tik abenduaren 2ra arte, “Paisaiak” Arantza Zabala Perez de Lazarragaren erakusketa jarriko dute bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun