Koldo Iturbe: "bost puntu Blogstivalaren gainean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 14a, 14:00

Honako lerroetan Koldo Iturbe Getxoko Gazteria zinegotziak UKBERRI.NET-en ere argitaratu zen Mikel Iturbe blogariaren Blogstival-i buruzko artikuluari erantzuten dio: adiskide agurgarri hori, lehenengo eta behin jakin ezazu Blogstivala egitearen ideia ez dela Getxoko Udalarena izan. Getxoko gazte batzuek (B-Side elkartea) Getxoko Udalean beren proiektua aurkeztu zuten eta oso interesgarria iruditu zitzaigunez aurrera ateratzen lagundu genien. Laguntza ekonomikoa eta logistikoa izan da, baina beti oso argi izan dugu proiektua beraiena zela. Horrek zera esan nahi du, onerako batzuetan eta txarrerako besteetan, Getxoko Udalak ez duela proiektua kontrolatu nahi izan. Eurek erabaki dute noraino nahi zuten laguntza eta noraino ez. B-Sideko kideek lan eskerga egin dute beraien proiektua aurrera ateratzeko. Ezin da ahaztu denak boluntarioak direla eta, beraz, azken hilabeteetako denbora libre guztia Blogstibalaren antolaketa lanetan eman dutela. Uste dut horrek baduela meriturik.

Hau esanda, zerbait gehiago gehitu nahi nuke zure blogean argitaratu duzunari buruz:

Bigarren puntuaz:

Webgunea diozunean www.blogstival.com guneaz ari zarela pentsatzen dut. Egia da web gune hori ez dagoela euskara hutsean, ezta elebidunean ere. Baina ez da egia zuk diozunez “euskarazko bertsioak botoien izenak aldatzen ditu bakarrik ia”. Izan ere, oinarrizko testu guztiak bi hizkuntzetan daude. Ondoren idatzitakoak, berriz, testuen egileak aukeratutako hizkuntzan daude. Hor askatasun osoa egon da.

Hirugarren puntuaz:

Inork ez du esan gazteentzako jaialdia zenik, inork ez du esan hasierako mahai-inguruan gazteei emango zitzaienik garrantzia eta ahotsa. Mahai-inguru horretan blogekin esperientzia desberdinak izan dituzten pertsonak gonbidatu nahi genituen blogek aukera desberdinak ematen dituztela erakusteko. Gure helburua oso xumea zen. Pertsona horiek egokienak izan diren ala ez baloratzea norberaren esku dago. Baina B-Side elkarteak ekarritako hizlariak ziren eta guk hori errespetatu nahi izan dugu, inolako betorik jarri gabe. Ez dugu inolaz ere gazteon iritzia islatu ezta isilarazi ere egin nahi izan. Edonork zuen aukera mahai-ingurura hurbildu eta nahi zuena esateko. Guk ahalegin guztiak egin genituen horren berri lau haizeetara zabaltzeko.

Laugarren puntuaz:

Helduek ere gazteei buruz hitz egin dezaketela aldarrikatu beharra dagoela uste dut. Uste dut desberdina dela gazteei buruz hitz egitea eta gazteen lekuan hitz egitea. Hori bereiztu beharra dago. Bestalde, mahai-inguruan ez gazteei buruzko inolako teoriarik aipatu.

Mahai-inguruan, zoritxarrez, ez zen kazetaririk egon.

Egia da mahai-inguruan euskarak ez zuela presentziarik izan. Kritika hori onartu beharra daukagu. Baina ahalegin handiak egin dira Blogstivalean zehar euskarak dagokion lekua izateko (egindako 10 tailerretatik 6 euskara hutsean egin dira, ikastetxeetara bidalitako dokumentazio eta dossier guztiak bi hizkuntzetan egin dira, ikastetxeekiko harreman guztia euskaraz izan da...)

Bosgarren puntuaz:

B-Side elkartea Blogstivala antolatzen hasi zenean zenbait elkarte eta gazterekin harremanetan jarri ginen antolaketa lanetan parte hartzera gonbidatzeko (gazteekin eta gazteentzat lan egiten duten elkarte guztiak esaterako). 2007ko ekainaren 7an bilera bat egin zen eta aktan gonbita hori jasota dago. Beraz, ez zait bidezkoa iruditzen esatea “aditu” talde baten lana izan denik. Ezinezkoa da blogen esparruan mugitzen zareten guztiekin kontaktatzea, ezagutu ere ez zaituztegulako ezagutzen, baina balio beza Blogstivalak gure herrian blogintza bultzatzen hasteko.

Horregatik gonbitea luzatzen dizugu, B-Side elkartearekin izan dugun elkarren arteko lana zurekin ere izatera, arazorik gabe gurekin jarri zaitez harremanetan, herrian dauden ekimen desberdinak aztertu eta beraiekin batera lan egitea gure helburu nagusiena delako.

Koldo Iturbe Getxoko Gazteria zinegotziak Itsasertzeko zubia bitakoran azaroaren 5ean argitaratutako iruzkina
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun