Birziklatze alorrean lan egiteko ikastaroa eskainiko du Getxoko Behargintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 14a, 12:29

Getxoko Behargintzak birziklatze eta bigarren eskuko gaien salmenta alorrean puskak kudeatu eta merkaturatzeko laguntzaile gisa lan egitera bideratutako ikastaroa eskainiko die langabetuei. Getxoko Udalaren Enplegu eta Toki Garapenerako Laguntza Bulegoak alorreko enpresa baten laguntzaz egingo du ikastaroa eta enpresa horrek, kurtsoa amaitutakoan, ikastaldia amaitu dutenen %60 kontratatzeko eginbidea beteko du. Getxo udalerriko langabetuak, lana topatzeko zailtasun handiak dituztenak, eta hauen artean alor horretan lan egiteko interesa dutenak, izango dira ikastaroaren hartzaileak. Gaur zortzi, azaroak 21, goizeko 11etan interesatuentzako hitzaldia antolatu dute Argia Fundazioaren batzartegian, Algortako Hirutasuna kaleko 10 atarian. Bertan, besteak beste, ikastaroaren gaineko trebatze plana, jarduera alorra, enpresek eskatutako profesionalak, trebakuntza zelan jasotzen den era eta enpresek kontratatzeko ipiniko dituzten baldintzak izango dira mintzagai eta horren gaineko informazioa eskainiko da. Argazkian, birziklatzeko gaiak hainbat dira: arropa, altzariak, papera, ontziak, pilak eta abar.

Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea hilaren 19an zabalduko da, abenduaren 14 epemuga izango dela. Argibide gehiagorako Algortako Martin Deuna kaleko 17. atarian dagoen Behargintza zentrora, 944 660 140 telefonora edota behargintza[abildua]getxo.net posta elektronikora jo daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun