Mikel Iturbe: "Getxoko gazteria zinegotziari gutun irekia (Blogstivalaren gainean)"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 14a, 14:24

Artikulu berri honekin erantzun diot Getxoko Gazteria zinegotziak eginiko komentarioari: Gazteria zinegotzi agurgarria, poztu egiten nau nire moduko blog batean zinegotzi den norbaitek horrelako ekarpenak egiteak, ez dut uste euskarazko blogosferan horrelako aurrekari askorik egon denik. Haatik, ez nago ados zuk aipaturiko argudio batzurekin: bigarren puntuaz, esan duzu askatasun osoa egon dela Blogstivalaren webguneko artikuluak idazteko hizkuntza aukeratzeko orduan. Primeran, gertatzen dena zera da, askatasun hori dela medio, ez dela bermatu honelako ekitaldi batean espero zitekeen (edo agian nezakeen) euskararen presentzia. Ez da (beti ere nire ustez) egon esfortzurik Udalaren eta B-Side elkartetik behar besteko euskarazko artikuluak idaztearen alde. Bi artikulu daude euskaraz bakarrik blog horretan, guztira 27 artikulu idatzita daudelarik. Argazkia: Itsasertzeko zubia

Hirugarren puntuaz diozu,

ez dela inoiz esan gazteentzat zuzenduriko jaialdia zenik. Bada, agian ni izango nintzen hori gaizki interpretatuko nuen bakarra, aipamen batzuk zirela medio:

- "Getxoberri" astekarian, 208. "Gazteak" gehigarrian topatu dudana: "el servicio de Juventud considera, en definitiva, que el Blogstival ha sido una buena experiencia, que convirtió a Getxo, durante tres días, en la capital de la blogosfera más joven y activa".

- "Gazteak" gehigarri horretako aurreko zenbaki bateko (206) titularra: "Blogstival, primer encuentro "offline" de espacios jovenes online".

- "El Correo Español" egunkarian, hain zuzen ere Urriaren 3ko artikulu batean zera irakur daiteke: "La finalidad consiste en divulgar diferentes espacios en líneas dedicadas a los jóvenes, con contenido educativo e interés".

Agian, erratu egin naiz eta ez zen gazteei zuzenduriko jaialdia. Dena dela, aitortu behar da, nahiko erraz eduki dudala interpretazio oker hori egiteko.

Laugarren puntuaz,

egia da ez dela berdina gazteetaz hitz egitea eta gazteen lekuan hitz egitea baina bat etorriko garelakoan nago gazteetaz era erdi-serioan hitz egin ahal izateko (are gehiago mahai-inguru bat muntatzeko), beharrezkoa dela gazteen iritzia ere plazaratzea. Baina, arestian aipatu den moduan, ez bada izan gazteoi zuzendutako ekimena, primeran.

Komentatu duzu baita, euskarak dagokion presentzia izateko lan handia egin dela (ikastetxeetako dossier informatiboak elebidunak izan direla eta emaniko 10 tailerretatik 6 euskara hutsean izan direla). Ez dakit sei tailerrok euskaraz bakarrik egin diren (ez dut uste) ez bainaiz egon, baina behintzat dakidana da tailerren %40an ez dela aukerarik eman. Eta eginiko mahai-inguruan euskarak presentziarik ez duela izan eta Blogstivaleko blogeko artikulu ia denen hizkuntza zein den jakiteak, ahalegin handi horri buruzko dudak ekar ditzake (edo diezazkidake).

Bukatzeko, azken puntuaz, aipatu duzu

ez duela "aditu talde" batek egin, eta gazteekin eta gazteentzako lan egiten duten elkarte guztiekin (???) (Baina azkenean, gazteoi zuzenduta zegoen Blogstivala bai edo ez?) jarri zinetela harremanetan eta bide batez, komentatu duzu ezinezkoa zela blogosferan mugitzen garen guztiokin kontaktatzea. Azken honetan ados.

Dena dela, nahiz eta elkarte guzteikin harremanetan jarriko zineten arren (zure hitza sinestea besterik ez dut), bagaude inolako elkartetan ez gauden blogariak (nahikotxo garenak), eta nire ustez nahikoa izango zitekeen Getxoberri egunkarian edo Blogstivaleko webgunean bertako blogariekin lan egiteko gonbita luzatu balitz.

Azkenik, zuk luzaturiko gonbitaren harira, hurrengo Blogstival batean parterik hartuko nukeen, oraindik erabakitzeke dut. Gaineratu nahi dut, guzti hau feedback eraikitzaile moduan egin dudala eta ez dudala inolako asmo suntsitzailerik izan, blogintza sustatzea udalerrian oso ideia polita iruditzen zaidalako, nahiz eta bitarteko batzuk agian ez zaizkidan aproposenak iruditzen.

Mikel Iturbek "Itsasertzeko zubia" bere bitakoran hilaren 12an idatzitakoa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun