Federico Carlos Krutwig Sagredo idazle, politikari eta hizkuntzalari ezaguna Areetan jaio zen 1921eko maiatzaren 15ean. Aita alemana zen, Koloniakoa; ama, ordea, bizkaitarra, veneziar jatorrikoa. Krutwig gaztea zela ikasi zuen euskara, alemana, gaztelera eta frantsesa bazekizkiela. 1942an, ehunaka olerki alemanetik bizkaierara itzuli eta hainbat hizkuntz ikerketa egin ostean, euskaltzain urgazle izendatu zuten eta bost urte beranduago, euskaltzain oso. Euskaltzaindian euskalkiak bateratzearen alde agertu zen, lapurtera klasikoaren inguruan. 1952an, Bizkaiko Foru Aldundian egindako hitzaldi batean, elizari euskararekiko zituen betebeharrak ahazteagatik kritika gogorrak egin zizkion. Kartzelaratua ez izateko erbesteratu zen, Parisera eta Alemaniara, non ezkondu egin zen. Gero, Euskal Herrira bueltatu zen, mugaren bestaldean geratuz, Biarritzen. Baina, 1963an, "Vasconia" idatzita, De Gaulleren Gobernuak kanporatu zuen. Erroma, Aljeria eta Aostan izan ondoren Belgikan gelditu eta berriz ezkondu zen. Erbestean, jarduera politiko franko burutu zituen: 1967an "La Cuestion Vasca" liburua PCE-MLrentzat; ETAko kide gisa "Branka" aldizkarian abertzaletasun iraultzaileaz eta estrategia gerrilleroaz hainbat artikulu; ETAren V. asanbladako txosten oinarria; Txinako Alderdi Komunistarentzat Mao Tzedung-en hainbat liburuen itzulpena, tartean "Liburu Gorria"... 1975ean, ETArekin harremana hautsi zuen.