Erandioko Andra Mari eliza ONCEren bost milioi kupoietan azalduko da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 15a, 14:56

Bere garaian Areetako itsas pasealekuarekin egin bezala, ONCE Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalak Erandio udalerriko irudi bat erabili du bere zozketa txarteletan. Gaur zortzi, datorren ostegunean, azaroak 22, zozketatuko den ONCEren bost milioi kupoik eramango dituzte Erandioko Andra Mari elizaren irudia eta udalerriko armarria, elizatearen betiko ikurrak. Joseba Goikouria jarduneko alkateak (argazkian, ezkerrean) eta Bizkaian eta Araban ONCEren ordezkaria den Felix Najerak gaur goizean aurkeztu dute kupoiaren plantxa. Ekitaldian, kupoiaren irudia "keinu solidariotzat" jo dute eta gogora ekarri dute kaleak berriztatzean Erandiok hainbat oztopo arkitektoniko kendu duela eta Udalak urritasunak dituzten pertsonekin bilerak antolatu dituela bide horretan jarraitzeko. Era berean, ONCEren Fundazioak kupoien salmentaren %3 gorputz-urritu kolektibo ezberdinak laguntzera bideratzen duela gogoratu dute.

Kupoiaren 50 serie aterako dituzte 00.000 zenbakitik 99.999ra, guztira bost milioi txartel, ONCEren 22.000 bat saltzailek Estatu espainiar osoan salduko dituztenak. Kupoi bakoitzean, gainera, udalerriaren azalera (17,97 kilometro koadro), biztanleria (24.160 pertsona) eta lurraldea (Bizcaia (sic)) ageri dira.

Txartel hori ONCEk urriaren 31n abiatu zuen Euskal Herriko 10.000 eta 25.000 biztanle arteko 14 herriren irudi-bildumako parte da. Hilaren 27an, adibidez, Sopelako surflariak izango dira omenduak, bildumaren bestelako herriak honako hauek izango dira: Laudio, Azpeitia, Beasain, Lasarte-Oria, Pasaia, Tolosa, Zarautz, Zumarraga, Azkoitia, Arrigorriaga, Bermeo eta Trapagaran.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun