Zortzi sindikatuek uko egin diote "zifren arteko gerra batean sartzeari", baina pozik agertu dira lanuzteak izan duen erantzunarekin. Zentro guztietan jarraipena "zabala eta handia" izan dela nabarmendu dute, %90 ingurukoa euren hitzetan. Gaurko ezarri diren gutxiengo zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla iritzi diote, nolanahi ere, bete egin dira. Osakidetzako Zuzendaritzak, ordea, lanuztearekin %30,24k baino ez duela bat egin adierazi du. Grebaren jarraipenaren emaitzak kontuan hartuko dituela adierazi du, eta sindikatuek ere berdina egingo dutela espero du. 4.770 beharginek egin dute greba, Osakidetzak emandako datuen arabera.
Bilera azaroaren 23an
Sindikatuek jakinarazi dutenez, mahai sektorialaren bilera azaroaren 23ra atzeratu dute, Gabriel Inclan Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman eta hurrengo egunean. Hasiera batean, bilera azaroaren 20an izango zela iragarri zuen Inclanek. ELAk eta LABek joateko prest daudela adierazi dute. Osasun Sailak urriaren 10ean sinatutako Lan Baldintzen Akordioa dago lan gatazkaren atzean. Medikuen sindikatuekin soilik hitzartu zuen.