Lamiakoko hezegunea babestea eta araztegia jartzea bateragarri ikusten du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 16a, 02:54

Ostiral honetan, azaroak 16, Lamiakoko ibarraren etorkizunari buruz arituko dira, Bizkaiko Batzar Nagusietako Nekazaritza eta Ingurumen Batzordean. Izan ere, gaur bertan eztabaidatuko dute, eremu hori babestutako hezegune izendatu dezatela eskatuz, Arturo Ignacio Aldekoa batzarkide popularrak irailaren 20an aurkeztutako arauz besteko proposamena. Bertan hondakin uren araztegia (HUA) jartzea "aukera ezin hobetzat" jotzen du Talde Popularrak, "aspaldi lehortutako padura (zenbateraino ze, hegazkinen lurreratze lekua edo futbol-zelaiak egon zirela han) babesteari dagokionak egiten hasteko". Orotara, 91.600 bat metro koadroko azalera edukiko duen azpiegitura eraikitzeak ez bide die kalterik eragingo bertoko fauna eta landareei, batez ere, padura igaroleku eta atsedenleku daukaten hegazti migratzailei. Bestalde, urriaren 18an, araztegian lur azpiko aparkalekua egin dezatela eskatzeko arauz besteko proposamena aurkeztu zuen PPko kide ere den Jesus Isasik eta, oraindik, erabakitzeke dago noiz eztabaidatuko duten. Aralar ere egitasmo horrekin bat dator. Argazkian, iItsasadarraren inguruan dena da industriala, baina oraindik kontraste polita egiten du Leioako nekazal inguruak, gero eta urrunago, txikiago... (Jabi Zabala) / Bilbao.Bi

"Espainiako Ingurumen Ministerioak 2006ko azaroan aurkeztutako Lamiakoko HUAren aurreproiektuan ikusitakoaren arabera, parke eta bere oneratzeko natur eremu moduan geratu beharrekoa litzateke HUAren mendebaldeko alderdia, itsasadarrerantz ematen duen, eta orain padura dagoen hegoaldearen zati handi bat", adierazi zuten popularrek, ez legezko proposamena aurkezteko orduan. Aldundiak idatzi eta 2006ko irailean dekretuz onartu zen Bilbo Metropolitarreko Lurraldeko Zati Planak ere aintzat hartzen du aipatu babesgunea, Lamiakoko araztegiari buruz ari den 93. artikuluan. Hainbat eragilek, ordea, ez dute proiektua horren argi ikusten; eta ez dira ingurumenaren gainekoak ematen diztuzten arrazoi bakarrak. Eusko Abertzale Ekintza alderdiak (EAE), besteak beste, arauz besteko proposamena aurkeztua dauka jada, Aldundiari araztegiaren proeiktuaren aurka agertu dadila eskatuz eta, oraindik, erabakitzeke dago noiz eztabaidatuko duten. Nagusiki, egitasmoa "guztiz neurrigabea eta desegokia" dela diote ekintzaleek.

Aparkalekua eta errepidea

Lamiakoko araztegiko azpiegituren pean aparkalekua behar dela arrazoitzeko, "auzokideen beharrizanak" ahotan dituzte popularrek. Isasiren hitzetan, "ezin genezake alde batera utzi urbanizazio horren zati handi bat bertan bizi diren auzokoena dela, izan ere inguru horrek garapen handia izan du-eta, etxebizitza asko eta, beraz, ibilgailu asko egotea ere badakarrena. Beste alde batetik, Eskuinaldeak trafiko handia eragiten du Bizkaian, eta Leioako kanpoaldeko aparkalekua beterik egoten da". Hainbat bizilagunek, baina, ez dituzte horren argi ikusten araztegiak ekar ditzakeen "onurak" eta hilabeteak daramatzate mobilizatzen. Azkena, larunbat honetan, Leioako artisautza azokan, non kontzentrazioa burutu eta proiektuaren inguruko informazioa zabaldu zuten. EAEren ustez, zirkulazioan ere eragina izango luke araztegia jartzeak, hainbat leioaztarren kalterako. "Erreka ondoko errepidea desbideratuko litzateke, eta hortik bideratzen den ibilgailu kopurua Lamiako eta Makaleta (Txopoeta) auzuneak zeharkatzen dituzten errepide bietatik pasaraziko litzateke, auzuneotako bizi-kalitatea nabarmen kaltetuz", azaldu zuten ekintzaleek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun