Anjel Figueroa (Algorta) 1994tik hona dago espetxean. Epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala dauka. Gaixotasun larria eta sendaezin honen ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, konortea galtzen duelarik, eta tartean absentziak, memoria galerak eta aluzinazioak ere izaten ditu.
Anjel urriaren 22an ingresatu zuten bere egoera aztertzeko. Gurutzetan bi aste egin zituen eta denbora horretan hiru atake epileptiko erregistratu zizkioten. Lortutako datuen arabera, Gurutzetako medikuak albiste txarra eman behar ziola esan zion bere amari: ezkerraldeko lobuluan beste foku bat daukala. Horrek argitzen du 2006ko maiatzean egin zioten ebakuntzaren ostean izandako eboluzioa. Haren ostean hobera egin beharrean okerrera egin baitzuen eta atake epileptiko, absentziak, memoria galerak eta aluzinazioak izan ditu behin eta berriro. Bere garaian ezkerraldeko fokua ere bazuela jakinez gero ezin izango ziotela ebakuntzarik egin esan zuen Gurutzetako medikuak, eta orain bueltarik ez duenez Anjelek gaixotasun hau bizitza guztian jasan beharko duela, bere gordinean jasan ere.
Kordobara eraman dute
Urriaren 22an ingresatu zuten Gurutzetan eta azaroaren 2an bidali zuten bueltan Langraitzera. Aste bat baino gutxiago pasa zenean, azaroaren 8an, Kordobara bidaltzea erabaki zuten. Anjelek egoera kezkagarria da, are gehiago holako trasladoa fisikoki eta psikologikoki gogorra izan daitekeelako eta konduzioetako baldintzak ez datozelako bat Anjelek duen gaixotasuna duen pertsona batekin: kamioi zelularraren kaiola metaliko txiki eta estuaren barruan atake bat izateak ondorio latzak izan ditzake esate baterako.
Azaroaren 8an Burgoseko espetxean lo egin zuen eta atake epileptiko bortitza izan zuen. Larunbatean Valdemorora eraman zuten eta bertan ere beste atake epileptiko izan zuela adierazi die familiarrei, nahiz eta ondo gogoratu ez. Izan ere, Valdemoron bakarrik izan dute ziegan. Heranegun Valdemorotik Kordobara eraman zuten. Bidean beste atake epileptiko izan bide zuen. Izan ere berak ez du gogoratzen baina guardia zibil batek esan zion berak artatu zuela, lurrean etzanda izan zutela... baina besterik ez.
Bere tratamendua daramaten medikuen arabera, gaixotasunari aurre egin ahal izateko, medikazioa zorrozki hartzeaz gain, ordutegi aldaketak, loaren gabezia eta krisialdiak eragin ditzaketen estres egoerak ekiditzea ezinbestekoa da. Bizibaldintza hauek, ordea, ez datoz bat kartzela erregimenarekin. Kode Penalaren 92. artikuluak berak, preso gaixo larri eta sendaezinak kaleratzea aurrikusten du.
Anjelen osasun egoera kronologikoki (pdf)
Anjel kalera! herri ekimena
e-posta: anjelkalera[abildua]euskalerria.org