Gauzak horrela, azaroaren 24an, larunbata, goizeko 10etan Astrabudutik eta 10:15ean Altzagatik autobusez aterako dira Hendaiarantz, bertan Abbadia eremu naturala bisitatzeko, gidari euskaldun batek lagunduta. Handik Baionara joango dira, bertoko lagun batek hiriaren gorabeherak konta diezazkien. Bertan gozo afaldu eta Arbonara joango dira lotara; hantxe, jai giroan eta oheratu aurretik, kantu batzuk egingo dituztelarik. Hurrengo egunean, Arbonako baserritxoan lasai-lasai gosaldu ondoren, etxekoak agurtuko dituzte, Sararantz abiatzeko. Hantxe Sarako kobazulo misteriotsuak ikusiko dituzte. Inguruan bertan bazkaldu eta, ostean, Erandiora itzuliko dira, igande arratsaldean.
Piano bat bertsotan
Bestalde, azaroaren 28rako, "Piano bat bertsotan" emanaldia ekarriko du Erandiora Berbotsek. Bertsolaritzan bezala, musikarekin ere inprobisatu daiteke. Hori frogatu nahi dute “Piano bat bertsotan” izeneko erronka honetan parte hartzen dutenak. Bertsolaritzan bezala, gai jartzailerik ere izango da, kasu honetan publikoa bera. Ikuskizuna ikustera doanak entzun nahi duen euskal kantaren izena jarriko du papertxoan. Musikariek zozketa bidez ateratzen den papertxoan jartzen duen kanta jo beharko dute. Horrela publikoak garbi ikusi ahal izango du musikoak inprobisatzen ari direla, eta beraiek erabakiko dute une oro zer entzun.
Aldi berean, ordenagailuan euskal kanten hitzak izango ditugu sartuak, irteten den kanta irteten dela, pantaila baten bidez, publikoak abestu dezan. Publikoak ikuskizunean aktiboki parte hartzea da helburuetako bat beraz, pasiboki ikustera joan beharrean. Publikoa ezinbestekoa da, bera baita ikuskizunaren programa erabakiko duena, eta era berean, abestuaz ikuskizuneko parte sentituko dena. Hauez gainera, beste hainbat helburu ditu “Piano bat bertsotan” ikuskizunak. Batetik euskal kantagintza bultzatzea, eta historikoki Euskal Herriak kantatzeko izan duen zaletasuna berpiztea, egun pixkanaka galtzen ari baita. Era berean, memorian gordeta ditugun kanta zaharrak nahiz berriagoak azaleratzea eta berriz entzun ahal izatea. Zer esanik ez, kanten bidez, euskara eta bere kultura sustatzearena.
Erandioko saioa 20:00etatik aurrera izango da, Altzagako posta zaharran. Ainhoa Ansa (ahotsa eta kitarra) eta Jagoba Astiazaranen (pianoa) eskutik izango da "Piano bat bertsotan" emanaldia. "Eta ez ahaztu! Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!", nabarmendu du Berbotsek.