Lemoizko zentral nuklearraren uretan egingo da EHSF Bodyboard zirkuitoko azken proba

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 16a, 19:25

Astelehenean hasi zen El Diario Vasco Euskal Bodyboard zirkuitoko laugarren eta azken probarako itxaronaldia. Jardunaldi horretarako, eszenatoki berria estreinatuko dute aurten, gainera. Euskal Herriko Surf Federazioak jakinarazi duenez, Lemoizko zentral nuklearraren aurreko urak aukeratu dituzte horretarako. "Oso olatu preziatua da bertokoa, batez ere modalitate hau praktikatzen dutenentzat. Baldintzak egokiak badira ikuskizun bikaina izango dugu", azaldu dute. Bitartean, Galeako olatuaren zain jarraitzen dute surflariek. Argazkian, Lemoizen txapela janzteko aukera handiak ditu David Perez sopeloztarrak / EHSF.

Azaroaren 10ean eta 11an, hau da, joan den asteburuan jokatu zen, Sopelako Atxabiribil hondartzan, El Diario Vasco Euskal Bodyboard zirkuitoko hirugarren proba. Eta emaitzak ikusita, aukera handiak dituzte Uribe Kosta eskualdeko ordezkariek txapela janzteko. Larunbateko saioan, Iñaki Llona getxoztarrak eskuratu zuen garaipena, open B mailan. Atzetik, Isusko Barrenetxea, Borja Fernandez eta Gorka Lasa. Emakumezkoen artean, berriz, Eunate Agirre sopeloztarrak irabazi zuen. Atzetik jarraitu zioten Conchi Anillok, Eider Paredesek eta Aitziber Aberasturik. Grosen amaitu barik geratu zen bigarren probako finalalari (open A maila) dagokionez, etxeko Aritz Larrinaga izan da nagusi, eta jarraian egungo Europako buru, Beñat Elosua, Joserra Martinez eta Antonio Ortiz. Azkenik, igandean, David Perez sopeloztarra izan zen irabazle, hirugarren probako open A mailako finalean. Sopelakoak ere diren Antonio Ortiz eta Aritz Larrinaga, bigarren eta hirugarren geratu ziren.

Bitartean, aurreikusten zenez, 18 urtetik beherakoen kategorian finkatuta daude jada rankingeko postuak, faboritoak izan baitziren nagusi. Horrela, Ander del Puerto eraman zuen garaipena, eta jarraian sailkatu ziren Harri Gorospe, Imanol Osteritz eta Ugaitz Velasco. 16 urtetik beherakoetan Unai Insausti izan zen bikainena. Borja Gainzarain, Gozalo Velasco eta Jon Martinez jarraitu zioten finaleko podioan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun