Udondo gaztetxea bere zazpigarren urteurrena ospatzen dabil

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 16a, 22:42

Udondo gaztetxea,, Uribe Kostako gazte zentro autogestionaturik beteranoena, bere zazpigarren urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil. Izan ere, igande honetan, azaroak 18, zazpi urte beteko dira gazte andanak Espainiako Gizarte Segurantzak bahitutako Udondo auzoko lantegi ohi batean sartu eta bertan gaztetxea sortu zuenetik. Pasa den larunbatean ekin zioten ospakizunari eta, besteak beste, serigrafia eta artisau-garagardo tailerrak, inprobisazio ikuskizunak, eta gizarte gaietako bideo proiekzioak egin dituzte, baina gaur hasita eta igandera arte urteurreneko ekitaldi esanguratsuak datoz. Gaur iluntzean, esate baterako, udondotarrek espezialitatea duten afari veganoaz gozatu eta Entre Pitos y Flautas eta Klaro Ke Si bakarlarien txanda helduko da. Bihar, berriz, horma-irudia egingo dute goizeko 11:30ean eta gaueko 21:00etan Inzesto punk taldearen eta iaz ere egon zen Bilboko Los Vibradores bertsio-egileen kontzertua burutuko dute. Igandean, horma-irudia bukatu eta 18:00etatik aurrera urteurrenaren festa egingo dute.

Egitaraua:

Azaroak 16, ostirala:
- 21:00etan, herri afari veganoa.
- Ondoren, Entre Pitos y Flautas eta Klaro Ke Si bakarlariak.

Azaroak 17, larunbata:
- 11:30ean, horma-irudia.
- 21:00etan, kontzertua, Inzesto punk taldearen eta Los Vibradores bertsio-egileekin.

Azaroak 18, igandea:
- 11:30ean, horma-irudia.
- 18:00etan, urteurrenaren festa eta "gaztaina jana".

Leioako gaztetxe eta gazte asanbladen ibilbidea:

Leioako Gazte Asanbladak lehenengo bilerak antolatzeari 1996ko udaberrian ekin zion. Bertan gehien azaldu zen arazoa gazteentzako lokalen gabezia izan zen. Horregatik, gazte asanbladaren lehenengo aldarrikapena hori izan zen. Udal Gobernuaren erantzun eza ikusita, okupazioaren "beharra" ikusi zuten gazte asanbladako kideek eta 1997ko apirilaren 5ean Mendibile jauregia okupatu zuten. Gazte asanblada eraikina garbitzen eta konpontzen hasi zen, izan ere jauregia "guztiz utzita" baitzeukan Udalak, bere plan bakarra "espekulatzea" zela. Aste bat beranduago desalojatu zituzten gazteak baina Mendibile berrokupatu zuten. Gaztetxeak gazte mordo bat erakarri zuen eta erreferentea bihurtzen hasi zen Leioako gazteriaren artean. Talde mordo bat ere biltzen eta sortzen hasi ziren gaztetxean: gazte asanblada bera, Leioako Insumiso Taldea, Lila Gorriak, Asamblea Libertaria de Leioa, Amalurra taldea, Antzerki taldea, Duina... Hamaika ekintza hasi ziren egiten gaztetxean: tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak, kontzertuak... Kulturaren sorkuntza eta eskaintza izan zen zeregin nagusia 2000ko ekainera arte.

Iruzurrezko negoziazioak

2000ko ekainean, ertzainek desalojatu zuten Mendibile. Gazte Asanbladak salatu zuen Karmelo Sainz de la Mazak, orduan Leioako alkate berria, ustezko negoziazio batzuk eskainiz ertzainak bidali zituela udaletxean bilduta zeuden bitartean gaztetxean inor ez zegoela baliatuz. Ondoren, kriminalizazio kanpaina burutu zuten EAJ, PP eta PSE-EE.

Garai horretan, gazte asanblada Langabetuen kolektiboaren lokalean hasi zen biltzen, baina alkateak azken hauei mehatxatu ostean, gazte asanbladak utzi zion bertan biltzeari Langabetuei Udalak lokala ez kentzeko. Kale gorrian egonda gazteek berriro ikusi zuten okupatzeko beharra eta 2000ko azaroaren 18an Udondo gaztetxea okupatu zuten. Eraikina lantegi izandakoa zen, Espainiako Gizarte Segurantzak bahitua.

Handik hona, hainbat jarduera egin dira Udondon: kontzertuak, tailerrak, ikastaroak, antzez-lanak, jaialdiak, mintegiak, batzarrak, zine proiekzioak, eta gizarte zein politika maila hainbat ekimen aurkeztu eta lagundu, baina ezagunena Estatu espainiar mailako hack-meeting-a 2001ean bertan egitea izan dela. Era berean, Leioako eta eskualdeko hainbat kolektibori utzi dizkiete bertako baliabideak.

Baina, gaztetxearen eta herriko gazteen arteko dinamika gehiago uztartzeko eta belaunaldi aldaketa errazteko, 2007ko otsailaren 9an birsortu zuten Leioako Gazte Asanblada. Erakunde horrek, hilabete baten baitan, Leioako IV. Gazte Eguna antolatu eta martxan jarri zen Leioako gazteriaren diagnosia egiteko. Hortik ateratako emaitzen bidez Leioa berri bat eraiki nahi baitu. Dena den, hortik aurrera ere, izan da gaztetxearen itxiera eskatu duenik, tartean "El Correo Español"-ek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun