Okerrera doan "Anjelen osasun egoerak ez du bueltarik baina bere egoera fisikoa, non dagoen... bai. Horrek buelta du eta horretarako gaude hemen" azaldu du prentsaren aurrean Laura Mintegi idazleak. Era berean, Mintegik onartu du herri ekimena sortzearen arrazoia izan dela "Espainiak berak espetxeetarako jarritako legeak inolako kredibilidaderik ez izatea". Izan ere, "GAL erakunde terroristak" burututako Segundo Marey-ren bahiketagatik 10 urtera zigortutako Rafael Vera Seguritaterako Estatuko idazkari ohiaren kasua jarri du adibidetzat Mintegik Estatuaren sinesgarritasun falta azaltzeko: "depresio soil bat aitzakiatzat jarrita" askatasuna eman zioten Verari. Anjel Figueroari, berriz, epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala gaitz sendaezina izan arren, 92. artikulua ukatu diote, agertu du Mintegik.
Ildo beretik, Anjel kalean ez jartzearen atzean arrazoi politikoak baino ez daudela kritikatu du Mitxel Sarasketa preso ohiak: "ni 1998an atera nintzen arrazoi medikoak direla medio. Orain, berriz, Anjel ez dute askatu nahiz eta bere egoera nirea baino okerragoa izan. Baina, ni Lizarra-Garaziko garaian askatu ninduten eta gaur egun beste egoera politikoa dago eta arrazoi politikoak erabiltzen dituzte ez askatzeko". Bestalde, Anjel kaleratzeko Espainiako Konstituzioaren 25. artikulua eta Kode Penalaren 92. artikulua oinarri juridikoak direla gogoan hartu du Iñigo Santxo abokatuak. Baina, "Espainiako Auzitegi Nazionala zer den badakit abokatu bezala, eta oinarri horiek horientzat ez dutela deus balio badakit" ziurtatu du Santxok.
Mikel Goñik, berriz, oso hurbileko arrazoiak azaldu ditu Anjel kaleratzeko. Koadrilako kidea "larri" eta txarto ikusi du azken urteotan espetxean eta berehala askatzeko exijitu du, bizirik jarrai dezan.
Endika Guarrotxena, azkenik, preso gaixo guztiekin gogoratu da. Bere ustez, horiek guztioriek beste baldintza batzuk behar dituzte eta hori dela eta Anjel kalera! herri ekimenean parte hartzea eskatu du.
Anjel kalera! ekimenaren aurkezpenean Algorta eta inguruko auzokide ezagun askok parte hartu du, besteak beste, Juan Carlos Gonzalez Eusko Abertzale Ekintzaren idazkari nagusia, Aratz Gallastegi rugby jokalaria, Trino Azkoitia ALBEren sortzailea, Paule Sodupe Etxerateko kidea, Paul Bilbao 18/98+ plataformako kidea, Kepa Petralanda "Gara" egunkariko kazetaria, Mari Espe Fuertes EAEko hautetsia, Mariñe Kamiruaga euskaltzalea, Joseba Butron euskaltzain urgazlea, Karmen Figueroa Anjelen arreba, Kepa Ugarte UKBERRI.NETeko koordinatzailea, eta Koska irratiko eta Txorimalo gaztetxeko hainbat kide. Bestalde, Mari karmen Fernandez Anjel Figueroaren amak ezin izan du ekitaldian egon, Anjel bisitatzen egon baita, Kordoban, Euskal Herritik 870 kilometrora.
Anjel kalera! herri ekimenaren oharra:
Egunon
Prentsaurreko honen bidez Anjel kalera! herri ekimena aurkeztu nahi dugu.
Lehendabizi Anjel Figueroaren egoera azalduko dugu, ondoren Herri Ekimen honen balorazioa, helburuak eta egin nahi dugun bidea azaltzeko.
Anjel Figueroa
Anjel Figueroa Algortakoa da, eta dagoeneko 13 urte darama espetxean. Gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu.
Gaixotasuna txikitatik badu ere, espetxeak eta espetxeko baldintzek gaixotasuna areagotzea ekarri dute, batez ere 2004. urtean Kordobara eraman ondoren. Horren aurrean, 2006ko maiatzean ebakuntza egin zioten eskuinaldeko lobulu tenporalean, baina osatu beharrean okerrera egin du harrez gero. Gurutzetako ospitalean egin berri dioten azterketan ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote. Horretara, gaixotasunaren larria berresteaz gain, sendatzerik ez duela ebatzi dute azterketa egin dioten medikuek.
Anjelen egoerak ez du bueltarik
Medikuek argi eta garbi esan dute Anjelen egoerak ez duela bueltarik. Eta kartzelak ez ditu betetzen duen gaixotasunarekin bizitza bermatzeko behar dituen bizi baldintzak.
Kronologikoki begiratuta ere Anjelen egoera gero eta okerragoa da. Gero eta krisialdi eta arazo ugariagoak ditu.
Hala ere, administrazioak ukatu egin dio 92. artikuluaren aplikazioa, hau da, ukatu egin dio gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa.
Orain gainera Kordobara eraman dute, epaiketa baterako. Kontutan hartu gabe bere osasun egoeran etxetik urruntzeak, tentsio fisiko eta psikologikoa areagotzeak, trasladoaren baldintzak eta abar luze horrek izan ditzaketen ondorioak, egoera horretan ondorioak atzeraezinak izan daitezkeenean.
Presoen osasun eskubidea
Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso guztiei dagokie 92. artikuluaren aplikazioa, baita euskal preso politikoei ere. Anjel Figueroari ere bai.
Kasu honetan eskubide eta legearen aplikazioa euskal preso politikoei ere dagokiela azpimarratu dugu, eta horrela egiten dugu arrazoi sinple bategatik: gaur egun arrazoi politikoak medio ukatzen zaie osasun eskubidea euskal preso politikoei.
Gaur egun irizpide politikoengatik ez zaio Anjel Figueroari kode penalaren 92. artikulua aplikatzen. Egoera politikoak markatzen du noiz dagozkien eskubideak euskal preso politikoei, gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan ondorio atzeraezinak ekar ditzakeen arren.
Gogora dezagun: gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi hil dira gaixorik kaleratu ondoren.
Anjel kalera!
Herri Ekimenaren partaideak Getxoko herritarrak gara. Anjelen egoera larriak bildu gaitu. Eta gure helburua horixe da: Anjel kalean eta bizirik nahi dugu.
Gobernuak izan ditzakeen interes politikoak areagotu egiten du gure kezka. Horregatik azpimarratu nahi dugu Anjel bizirik nahi dugula.
Horregatik ere, gogora ekarri nahi ditugu Anjelek bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamabi euskal preso politikoak. Horiei ere, Kode Penalaren 92. artikulua aplikatu behar zaie.
Gogora ekarri behar dugu joan zen hilean atxilotu zituzten Josu Rodriguez (Berango) eta Txomin Gezuraga (Algorta) gazteek gaixotasun larriak dituztela, eta osasun eskubidea zor zaiela, osasun eskubidea bermatu behar zaiela, gainerako euskal preso politiko guztiei bezala.
Herri ekimenaren dinamika
Anjel kalera! Herri Ekimena Algortan joan zen hilean gai honen gainean egindako asanblada batean du jatorria. Bertan, herri dinamika bat sortzearen beharra planteatu zen, eta horixe da ekimenaren bidez bideratu nahi duguna.
Gure ahalegina bi ardatzen inguruan kokatzen da: informazioa eta parte hartzearen inguruan alegia.
Informazioa ezinbestekoa da Anjelen egoera gizarteratzeko.
Gure bitartekoak urriak dira. Baina dinamika ireki eta partehartzaileak bideratu nahi ditugu, zeregin honetan bakoitzak bere lekutik eta alorretik bere ekarpena egin dezan: inork ez dezala esan ez duela ezagutzen zer gertatzen ari den.
Izan ere, informazioa bideratzea ez da nahikoa. Ekin ere ekin behar da.
Bestela, arazo hau instituzioetara bideratzeko herritarren sinadura bilketa egingo dugu.
Herritar, talde, elkarte, sindikatu, alderdi eta gainerako taldeen atxikimenduak bilduko ditugu.
Mobilizazioak, agerraldiak eta ekitaldiak antolatuko ditugu.
Herri dinamika piztu nahi dugu azken batean, berandu izan baino lehen Anjel gure artean kalean izateko.
Oraingoz ezin ditugu datak eta zehaztasun gehiago eman, baina gurekin harremanetan jarri nahi duenak ere hemen dauka gure helbide elektronikoa: anjelkalera[abildua]euskalerria.org
Informazio gehigarria:
Anjelen egoera. Laburpena (pdf)
Situacion de Anjel. Resumen (pdf)
Anjelen osasun egoera kronologikoki (pdf)
Etxerat: "Gure senideen gaixotasun larriak kartzelak eragin ala okertu ditu. Batzuetan biak egin ditu"
Etxerat: Osasun eskubidea, 2007ko urria
Etxerat: "Las graves enfermedades que padecen nuestros familiares las ha provocado la propia cárcel o bien las ha agravado. Y, en muchos casos, tanto las ha provocado como las ha agravado"
Etxerat: Derecho a la salud, octubre 2007