Berangoko gazteek plazaratutako oharra:
Negozioa, ezintasuna, espekulazioa, etorkizun beltza, txikizioa, miseria, eskubide urraketa... hori da gazteoi burura etortzen zaiguna "etxebizitza" hitza entzutean. Sistema neoliberalak eta espainiar zein frantziar estatuek etxebizitza eskubidea pribilegio bihurtu dute, gutxi batzuen mesedeetarako eta probetxurako. Gazteoi kale gorrira kondenatu nahi gaituzte. Euskal Herria zementuz betetzen ari dira, ez gazteon eskubideak bermatzeko, pairatzen dugun prekarietatearen bitartez aberasteko baizik.
Berangok ere ez du espekulazio basati honetatik ihes egiten. Gure herriko etxebizitzak Bizkaiko garestienen artean daude eta egun, gazteoi, ezinezkoa egiten zaigu prezioei aurre egitea. Gure herritik kanpo bizitzera behartu nahi gaituzte! Gainera, egun gure herrian 589 etxebizitza huts ditugu, gazteok etxebizitza baten beharra dugun arren. Non biziko gara? Ditugun soldata prekarioekin nola lortuko dugu gure bizitza eraikitzea? Zein izango da gure etorkizuna?
Gure herriko gazteon errealitate gordinari konponbidea bilatu beharrean, Udalak luxuzko etxebizitzak eraikitzen jarraitzen ditu. Herri osoa desitxuratzeko asmoa dute, Lurralde Zati Planak Berangon 2000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten baitu. Gainera, Udalak bultzatu duen eraikuntza ereduarekin Berango lo egiteko herria bihurtu da: bizirik gabea, gazte girorik gabea, gero eta komertzio gutxiagorekin...
Ilusioa, eskubidea, amets egingarria, etorkizun oparoa, garaipena... Berangoko gazteon antolakuntzaz eta borrokaz, hori da gazteoi burura etorriko zaiguna "etxebizitza" hitza entzutean. Ez diegu gure kontura gehiago aberasten utziko! Pazientzia amaitu zaigu, ez gaituzte miseriara kondenatuko. Gazteon eskubideak ez daude salgai!