Ostiralean kontu kontari saioa izango da Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 19a, 19:36

Sopelako Udalak "Zubiak" kontu kontari saioa antolatu du ostiral honetarako, azaroak 23. Ekimena 6 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta udaletxeko Hall Kulturalan izango da 19:00etatik aurrera. Sarrerak doakoak dira eta bertan eskura daitezke gaurtik hasita. Bestalde, "euskara sustatzeko" asmoz, hilaren 26an hasi eta abenduaren 2ra arte izango da Euskararen Astea, Sopelan. Lehenengo bi egunetan, Euskarazako Produktuen Txokoa jarriko dute udaletxeko erakusketa aretoan, ordutegia 17:00etatik 21:00etara izango da. Hilaren 29an, berriz, “Euskal Herria bizikletaz: nire lehen bidaia” hitzaldia eskainiko da Hall Kulturalean 19:30ean. Euskaraz izango da, noski. Argazkian, azaroaren 30eko Ander Deuna eguna ere Euskara Astearen barruan ospatuko dute / Sopelana.net.

Ander Deuna eguneko ospakizunak goizeko 11etan hasiko dira, kalejira batekin. Barinatxe txistu taldeak udaletxetik baselizara arteko kaleak zeharkatuko ditu, jai egunaren berri emateko asmoz. Eguerdiko 12etan, berriz, meza nagusia izango da, Ander Deuna baselizan. Meza amaitzean ohorezko aurreskua eskaini eta, ondoren, erromeria egongo da, jateko eta edatekoarekin. Azkenik, gauerako, triki-bertso-txikiteoa antolatu dute, 20:00etatik aurrera. Baselizara joan nahi duenak autobus zerbitzua ere izango du, udaletxeko plazatik irtenda, 11:00etatik 15:00etara bitartean. Azkeneko urtetan dohainik izan da gainera.

Abendua gazteentzat

Abendua gazteentzako ekintzekin hasiko da. Horrela hilaren 1ean, tailerrak, puzgarriak eta karaokea egongo da udal frontoian, goiz eta arratsaldez, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azkenik, Euskararen Astea abenduaren 2an amaituko da Munarrikolanda mendi taldeak eta Aitxu! euskara taldeak antolatutako mendi martxarekin, herriko txokoak eta inguruak ezagutzeko. Goizeko 9etatik 9:30era bitartean udaletxeko plazan hasita. Gainera 11:00etatik aurrera jolas eta jostailuen tailer eta erakusketa egongo dira frontoian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun