Emakume bat ospitaleratu zuten atzo Sopelan, "senarrak bultzada eman ondoren Sopelako metro geltokiko eskaileretan behera jausi delako", Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera. Gertakizuna goizeko 2:30ak aldera jazo ziren eta, Ertzaintzak topatutako lekukoen arabera, bikotea eztabaidan eta elkarri joka zegoen. Emakumeak kolpea zuen buruan eta aurpegia odolez zuen, eta ondorioz, osasun-etxe batera eraman zuten. W.G.S. 41 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten, genero-indarkeria ustezko delitua leporatuta. Testu-inguru horretan, Sopelako Itzartu emakumeen kultur elkarteak hainbat ekitaldi antolatu du igandean izango den Emakumeen Aurkako Bortxakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Hasteko, larunbatean, hilak 24, Itzartu antzez taldeak Enrique Suarez de Deza-ren "Aquellas mujeres" izeneko lana taularatuko du kultur etxean, 19:00etan. Igandean, berriz, udaletxeko sarreran manifestu bat irakurriko dute 19:00etan. Ondoren, puxikak askatu eta emakumeen aurkako bortxakeriaren inguruko filmaren bat proiektatuko dute. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.