ELAren oharra:
ELAk ontzat eman du merkataritzako patronalak egin duen eskaintza
Azaroaren 19an Bizkaiko merkataritza alorreko bi mahai negoziatzaileak elkartu dira: ehungintza eta merkataritza orokorreko mahai negoziatzaileak, hain zuzen ere. Ugazaben elkarteak proposamen berri bat aurkeztu du, azkenaldian ELAk eskatutako hainbat eskari onartuz. Hala, 2005eko urtarriletik aurrera atzerapenak ordainduko dira eta 2007 eta 2008an KPI-a %1,4ean gainditzen dituzten soldata igoerak izango dituzte merkataritza alorreko langileek.
Era berean, gauean lan egiten dutenek 104,5 euroko gehigarria eskuratuko dute. Bestalde, 2007 eta 2008an jai egun bana gehiago izango dute. ELAren iritziz, aparteko garantiza du atal honek, arlo honetako langileek larunbatetan ere lan egiten baitute.
ELAk gogora ekarri nahi du sindikatu honek sei egun greba deialdia egin zuela joan zen astean eta ugazaben patronalak hau kontutan izan duela proposamen berria aurkezterakoan.
LABen oharra:
Bizkaiko merkataritzako negoziazio kolektiboan iruzurra egin du ELAk berriro ere
Joan den astean ELA sindikatuak lau haizetara zabaldu zuen Bizkaiko merkataritza sektorean 6 greba egun egingo zituela; era berean, gainerako sindikatuak parte hartzera gonbidatu zituen.
Gaur berriro ere, argi geratu da ELA sektorea mugiarazteko itxurakerietan ari zela, hitzarmenak sinatu eta beraiek garaile bezala agertzeko estrategia hutsa izan da guztia; aldez aurretik patronalarekin adostuta baitzeukaten hitzarmenaren edukia. Gainerako sindikatuek ELAren bidea ez jarraitzea erabaki dute. LABek, besteak beste, publikoki agertu du ez duela bat egiten deialdi horiekin ezta sektoreko langileek ere. Egoera horrek hitzarmenak uste baino lehenago sinatzera bultzatu du ELA eta greba erraldoiak baztertzera.
LABen ustez, negoziazio mahaia osatzen dugun sektoreko langileek errespetua merezi dugu eta negoziazio kolektiboa serioski hartu behar dugula uste dugu. Oraingoan ere ELAk lehenetsi dituen interes partidistak alboratu behar direla pentsatzen dugu.
ELAk eta CEBEK-ek adostutako edukiari buruz, hasiera batean finkatutako helburuak ez direla beteko esan behar dugu; batetik ez delako lanaldi murrizketarik hitzartuko, nahiz eta sektore honetako lanaldiak luzeegiak direla azpimarratu dugun behin eta berriz. Bestetik, adostutako soldata igoerak oso eskasak dira sektore honetako soldata baxuentzako. Azkenik, gehiegizko aldi baterako kontratazioari ere ez zaio inolako mugarik jarriko hitzarmen honetan.
Berriz ere, ELAk berak bakarrik burutu nahi izan du merkataritzako negoziazio kolektiboa; hori dela eta CEBEK-ek bidea garbi ikusi du, batasun sindikalik ezean, lanaldia murrizteko ezezkoari, soldatak ez igotzeko eta prekarietatea sektorean mantentzeko bere asmoei tinko eutsiz.
Honegatik guztiagatik, LABek ez du akordio hau sinatuko.
Akordioaren edukia:
- 2005: KPI
- 2006: KPI + 0,5%
- 2007: KPI + 1,40%. Egun libre bat, lanaldi murrizketa izateko aukerarik gabe.
- 2008: KPI + 1,40%. Egun libre bat, lanaldi murrizketarik gabe.