Alejo Aznar Itzubaltzeta / Romoko eskale ezaguna zena gogoan izango dute bihar Bilbon, azaroaren 20a dela eta Arriaga antzokiaren aurrean 18:00etan burutuko den elkarretaratze antifaxistan. Aznar 1999ko apirilaren 24an Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizako atarian lo egiten ari zela hamar bat gaztek hil arte jipoitu zuten burdin tutuak zirela medio. Bertako gazte asanbladak elkarretaratze jendetsua egin zuen elizaren aurrean eta faxistei leporatu zien erailketa. Hainbat webguneek gehiago zehaztu eta Bases Autonomas taldeari leporatu zioten. Aznar gaixo terminala zen, gainera drogamenpekotasuna zuen eta aurretik beste eraso batzuk pairatu zituen, tartean erretzen saiatu zuteneko hura. Bere hiltzaileetariko bat baino ez zuten kondenatu, eta adingabekoa izateagatik, 80 orduko lan zigorra ezarri zioten, "zuhurtziagabekeriazko giza hilketagatik". Bilboko Asanblada Antifaxistak deitutako "Atzo eta gaurko faxismoaren kontra" lelopeko elkarretaratzean, Alejo Aznarrez gain, "faxisten eskuetan eraildako" beste lagun asko oroituko dituzte, besteak beste, Santi Brouard eta Josu Muguruza Herri Batasuneko kide ezagunak edota Aitor Zabaleta Realeko jarraitzailea. Ahaztuak kolektiboak bat egin du ekimenarekin.