Hamabost egunez luzatuko dira Euskal Kulturaren Jardunaldiak Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 20a, 17:58

Abenduaren 4ra arte luzatuko dira, Getxo udalerrian, Euskal Kulturaren IX. Jardunaldiak, Getxoko Udal Euskara Zerbitzuak, Bizarra Lepoan eta Egizu Getxo euskaldun! elkarteek, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) eta "UK" aldizkariak antolatuta. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, duela bederatzi urte hasi ziren ekimena antolatzen eta ospakizun egun bat izatetik, aste bat eta, orain, ekitaldiz betetako hamabostaldia izatera pasa da. "Zurea zaindu, Euskara bizi" izenburupean, helburua "euskararen presentzia iraunkorra izatea" da, "eta ez egun hauetan soilik urte osoan baizik", aurkezpenean Koldo Iturbe Euskara zinegotziak azaldu zuenez. Besteak beste, gaur iluntzean, Euskal Herriko kantu txapelketako finalean parte hartu zuten kantariekin gozatzeko aukera egongo da, Algortako The Piper´s taberna irlandarrean. Argazkian, bihar taularatuko duten "Honolulu, leku bat" obra / Gilkitxaro.

Bizarra Lepoan euskara elkartearen eskutik, bi lehiaketa izango dira aurten, Euskal Kulturaren Jardunaldien baitan: batetik, "Getxo 60 karaktere" SMS lehiaketaren bigarren edizioa, eta bestetik, gazteen artean hain errotuta dauden ohitura berrietan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen "Getxo 60 segundo" izenekoa, sakelako telefono bidez hartutako bideotxoei buruzkoa. Mezuak 688 635 350 telefono zenbakira bidali beharko dira, eta eskuko ordenagailua, LG KG 220 sakeleko telefonoa, MP4a izango dira sariak. Bideoak, berriz, euskaltube.com webgunera igo eta linka bizarra[abildua]lepoan.net-era bidali beharko da. Honetan, Nokia 6111 eta Motorola L7 sakeleko telefonoak edo Kodak Argazki kamara digitala irabazteko aukera egongo da. Gainera, jasotako bideo guztiak www.blogari.net/getxo60 blogean ikusgai egongo dira. Azaroaren 24ra artekoa izango da bi lehiaketetarako epemuga. Sarien banaketa hilaren 30ean izango da.

Bestalde, gaurko saioari dagokionez, Euskal Herriko kantu txapelketako finalean parte hartu duten kantariekin gozatzeko aukera egongo da, Algortako The Piper´s taberna irlandarrean. Euskal Kantuzaleen Elkartearen jarduera nagusietako bat da txapelketa eta, inolako beldurrik gabe esan daiteke euskal kantagintzaren harrobi emankorrenetako bat dela. Estibaliz Asuak, Iraide Bilbaok eta Eneko Martinezek eskainiko dute emanaldia, 20:00etatik aurrera.

Umorea, bertsoak eta dantza

VII. Umore Jardunaldien barruan hiru saio egongo dira: lehena bihar bertan, azaroak 21, Gilkitxaro antzerki taldeak Galder Perezen testu batean oinarritutako "Honolulu leku bat" obra taularatuko du; etzi Ander Lipusek "Hala mintzatu zen Zapatrusta!" eskainiko du (hainbat musikari eta aktorerekin); eta 29an Larkikun antzerki taldeak "Eman bira" aurkeztuko du. Hiru saioak The Piper´s taberna irlandarrean izango dira, sarrera dohainik, 20:00etatik aurrera (bigarrena izan ezik, 22:00an izango dela).

Bestalde, hilaren 23an, "Gerra garaiko Uribe Kostako bertsolariak" saioa eskainiko dute Andoni Egañak, Xabier Payak, Amets Arzallusek eta Jon Maiak, Algortako Bertsolari Eskolaren (ALBE) eskutik, eta Fredi Paya izango da tramagilea. Bertso trama 19:30ean hasiko da, Algortako kultur etxean, sarrera dohainik. Horren ostean, Uribe Kostan bertsolari izan zirenen senitartekoei esker ona erakutsiko diete.

Hurrengo egunean Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoek haurrak alaituko dituzte, Getxo Antzokian. Bi saio emango dituzte gainera, bata 13:00etan eta bestea 17:30ean. Sarrerak 3,50 eurotan egongo dira salgai. Iluntzerako, berriz, erromeria (txahala erretzea + sagardotegi ibiltaria + dantzaldia) antolatu dute, 19:00etatik aurrera, betiko sagardotegietan sortzen den giro berezi eta euskalduna bertaratu nahian. Ospakizuna San Nikolas plazan izango da.

Azaroaren 25ean, igandearekin, Aukeran dantza konpainiak folklorea eta dantza garaikidea uztartzen dituen "Bideak" ikuskizuna eskainiko du. Emanaldia Getxo Antzokian izango da eta sarrerak 9 eurotan (7 euro jubilatuentzat edo Gazte Txartela aurkeztuz) egongo dira salgai. Bi egun geroago, hilak 27, "Edan ase arte" olerkia eta akordeoia batzen dituen saioa ikusi ahal izango da Aldai kulturgunean, Egizu Getxo euskaldun! elkarteko Irakurzaleen Txokoak antolatuta. 20:00etan hasiko da emanaldia, sarrera doan.

Leku izenak

Azaroaren 28a bertoko toponimiari buruzko jardunaldia egingo dute, hitzaldi eta mahai-inguru batekin, 9:00etan hasi eta egun guztian zehar, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kultur etxean. Hilabetearen azken egunean II. Euskara Showa kultur arteko karaokea egingo dute, 21:00etan, Algortako Kasinoan. Hori bai, aurretik (20:00etan), SMS eta sakelako telefono bidezko bideoen lahiaketako sariak banatuko dituzte bertan. Abenduaren 1ean Gose eta Logela Multimedia kontzertuan entzuteko aukera izango da, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren eskutik, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazako karpapean, 20:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, "Azur eta asmar" izenburuko haurrentzako pelikularen emanaldia izango da, Getxo Antzokian. Hiru saio guztira: 12:00, 17:00 eta 19:00etan. Sarrerak: antzokiko leihatilan 30 minutu lehenago.

Azkenik, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, udalerriko euskaltegietako ikasleentzat triki-kantu-gosaria eta kantu-kafea izango dira. Arratsaldean kirolari buruzko mahai-ingurua izango da, 19:30etik aurrera, Villamonte kaleko kultur etxean; eta herriko 40 kirol elkartek Gehi Kirola hitzarmena sinatuko dute, 20:30ean. Azkenik, abenduaren 4an Aitor Gisasolak zuzendu eta UK aldizkariak ekoiztu duen "Getxo bertoko euskaldun zaharren eskutik" izenburuko erreportajea estreinatuko da, 20:00etan, Algortako Kasinoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun