“Maitasuna ez da mando batez kontrolatu daitekeen jokoa. Txo! Kontrolatzen?" lelopean, 13 eta 18 urte arteko gazteak kontzientziatu eta adi jarri nahi ditu Berdinsareak antolatutako kanpainak, "normalak diruditen egoerak emakumeen aurkako indarkeriazko jarreren abisu izan daitezkeelako batzuetan". Gaurko aurkezpenean, Landak azaldu duenez, “azken ikerketen arabera, gero eta emakume gazte gehiagoren kontrako indarkeri-egoera gertatzen ari dira”. Arrazoi horregatik, kanpainak hiru helburu ditu, Keltse Eiguren Aukera Berdintasun zinegotziaren hitzetan: “neska gazteek beraien kontrako indarkeria egoerak identifikatzen laguntzea, mutil gazteek jarrera sexistak identifikatzea eta, azkenik, jarrera horiek gizarte mailan ere identifikatzea”.
Postalak, komikiak eta kartelak
Kanpainaren baitan, sentsibilizazio eta prebentzio hainbat ekintza eramaten ari dira aurrera. Besteak beste, Udalak 30.000 postal banatu du etxerik etxe; baita 1.000 komiki (pdf) ere (kanpainaren leloarekin eta gazte batzuen arteko istorio batekin), ohiko tokietan eta Bigarren Hezkuntzako zentroetan, gehien bat. Horretaz gain, 200 kartel ipini eta publizitate kanpaina abiatu dute metroko geltokietako txartel makinetan. Irrati kuñak ere emititzen ari dira eta Aukera Berdintasuneko Sailak kaleratzen duen "Emeki" aldizkariak indarkeriaren gaineko monografikoa atera du. Bestalde, prebentzioa lantzeko, DBHko hirugarren mailako 14 eta 15 urtetako 12 ikasle taldek tailer programa batean parte hartuko dute, bost orduz, honako gaiak jorratuz: sexu eta genero sistema, sozializazio prozesua, maitasunaren arrazoiak, indarkeria sexista eta indarkeriaren kontrako lana.