Berbotsekin Lapurdira joateko azken leku batzuk gelditzen dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 20a, 23:08

Berbots Erandion Euskaraz! elkarteko kideek antolatuta, azaroaren 24an eta 25ean Lapurdin egingo dute asteburu pasa erakunde horretako euskaltzaleek eta herriko beste euskaldunek. Baina, izena emateko epemuga atzo jarri bazuten ere, Berbotsekoek jakinarazi dute gaur atzeratuenek oraindik daukatela azken plazak bereganatzeko aukera: "gutxi, baina lekuren bat oraindik baduzue! Ez galdu aukera, errepikatzea zaila izango baita". Izan ere, aurretik UKBERRI.NETi, aitortu zioteenz "aspaldi genuen gogoa Ipar Euskal Herrira joateko, hango euskara, ohiturak eta guneak ezagutzeko". Izena emateko 658 709 332 (Leire) telefono zenbakira deitu edo e-posta bidali beharko da, berbalagun[abildua]gmail.com helbidera. Argazkian, ostiral, larunbat eta igandeetan, 17:00etatik 21:00etara, Bordatxu gazte txokoa ere dute zabalik Berbotsekoek, Erandioko San Jeronimo kalean, Irailaren 23a plazaren aurrean.

Gauzak horrela, azaroaren 24an, larunbata, goizeko 9etan Astrabudutik eta 9:15ean Altzagatik autobusez aterako dira Hendaiarantz, bertan Abadia gaztelua eta eremu naturala bisitatzeko, gidari euskaldun batek lagunduta. Handik, 17:00ak aldera, Baionara joango dira, bertoko lagun batek hiriaren gorabeherak konta diezazkien. Bertan gozo afaldu eta Arbonara joango dira lotara; hantxe, jai giroan eta oheratu aurretik, kantu batzuk egingo dituztelarik. Hurrengo egunean, Arbonako baserritxoan lasai-lasai gosaldu ondoren, etxekoak agurtuko dituzte, Azkainera abiatzeko. Hantxe sagardotegi batean bisita egin, ikusi eta bertan bazkaldu ostean, Erandiora itzuliko dira, igande arratsaldean.

Piano bat bertsotan

Bestalde, azaroaren 28rako, "Piano bat bertsotan" emanaldia ekarriko du Erandiora Berbotsek. Bertsolaritzan bezala, musikarekin ere inprobisatu daiteke. Hori frogatu nahi dute “Piano bat bertsotan” izeneko erronka honetan parte hartzen dutenak. Bertsolaritzan bezala, gai jartzailerik ere izango da, kasu honetan publikoa bera. Ikuskizuna ikustera doanak entzun nahi duen euskal kantaren izena jarriko du papertxoan. Musikariek zozketa bidez ateratzen den papertxoan jartzen duen kanta jo beharko dute. Horrela publikoak garbi ikusi ahal izango du musikoak inprobisatzen ari direla, eta beraiek erabakiko dute une oro zer entzun.

Aldi berean, ordenagailuan euskal kanten hitzak izango ditugu sartuak, irteten den kanta irteten dela, pantaila baten bidez, publikoak abestu dezan. Publikoak ikuskizunean aktiboki parte hartzea da helburuetako bat beraz, pasiboki ikustera joan beharrean. Publikoa ezinbestekoa da, bera baita ikuskizunaren programa erabakiko duena, eta era berean, abestuaz ikuskizuneko parte sentituko dena. Hauez gainera, beste hainbat helburu ditu “Piano bat bertsotan” ikuskizunak. Batetik euskal kantagintza bultzatzea, eta historikoki Euskal Herriak kantatzeko izan duen zaletasuna berpiztea, egun pixkanaka galtzen ari baita. Era berean, memorian gordeta ditugun kanta zaharrak nahiz berriagoak azaleratzea eta berriz entzun ahal izatea. Zer esanik ez, kanten bidez, euskara eta bere kultura sustatzearena.

Erandioko saioa 20:00etatik aurrera izango da, Altzagako posta zaharran. Ainhoa Ansa (ahotsa eta kitarra) eta Jagoba Astiazaranen (pianoa) eskutik izango da "Piano bat bertsotan" emanaldia. "Eta ez ahaztu! Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!", nabarmendu du Berbotsek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun