Topaguneak euskara elkarteen aurrera begirako ildoak osatzen hasiko da ostiralean Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 21a, 17:25

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak orain arteko ibilbideari gainbegiratua egingo dio eta, batez ere, aurrera begirako ildoak osatzen hasiko da ostiral honetan, azaroak 23, Donostiako Miramon Parke Teknologikoan egingo dituen E2i: Euskara Elkarteak Ibilian jardunaldietan. Izaera praktikoa izango dute, "asmo nagusia euskara elkarteen mugimenduaren aurrera begirako pausu eta lan ildo nagusiak zehaztea baita", Topaguneko arduradunen hitzetan. Besteak beste, euskara elkarteen federazioko kide dira Getxo udalerriko Bizarra Lepoan eta Erandioko Berbots euskara elkarteak eta UK aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta. Argazkian, jardunaldien aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen atzo, eta bertan izan ziren (ezkerretik eskuinera) Donostiako Udaleko euskara zinegotzi Ainhoa Beola, Topagunearen zuzendaria Jasone Mendizabal eta Euskadiko Kutxaren Gipuzkoako Komunikazio arduradun Arantza Olaizola.

Aurrera begirako bide hori marrazteko orain arteko eskarmentua izango da oinarria. Batetik, euskara elkarteek izandako esperientzien berri emango da jardunaldiotan, eta bestetik, Euskal Herritik kanpoko ekimenen berri ere izango da. Euskararen aldeko motibazioan eragiteko esperientziak, mintzapraktika egitasmoen garrantzia, norberaren jarreratik talde jarrerarako ibilbidea eta hizkuntzaren balio estetikoa izango dira hizpide jardunaldien lehenengo zatian.

Bigarren zatian, arratsaldekoan, gogoeta egitea proposatuko zaie bertaratutakoei. Horrela, hiru gogoeta-gune egingo dira arratsalde partean: TELP ekimenaren, euskararen aldeko motibazioaren eta komunikazioaren ingurukoak. Jardunaldien amaieran, arratsaldeko 6,00ak aldera, gune guztietako ondorioak bildu eta bertan aurkeztuko dira.

Deialdia "oso arrakastatsua" izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, guztira 100 lagun bilduko dira ostiraleko jardunaldietan, gehienak euskara elkarteetatik etorritakoak, euskalgintzako beste zenbait eragileetako zein erakunde publikoetako ordezkariak faltako ez badira ere.

Iragana eta oraina

Etorkizunari ez ezik, euskara elkarteen iraganari eta orainari ere egin nahi dio errepasoa Topaguneak, hamar urte betetzen dituen honetan. Horretarako, "E2i" jardunaldiekin batera, "E3i" (Euskara Elkarteen Erakusketa Ibiltaria) estreinatuko du ostiralean. Erakusketak euskara elkarteen gaur egungo dimentsioaren argazkia eskaini nahi du, haien bilakaeraren eta gaur egungo jardueraren berri emanez. Jardunaldiak amaitu bezain pronto, erakusketa martxan jarriko da, eta Euskal Herriko hainbat herritan egongo da ikusgai, tokian tokiko elkartearen eskutik. Miramonen egon ondoren, Donostiako San Agustin kulturgunea, Durangoko Azoka eta Bilbo bisitatuko ditu erakusketak urtea amaitu aurretik. Toki bakoitzean, informazio orokorraz gain, bertoko elkarteen berri zehatza emango du erakusketak.

Azkenik, jardunaldien informazio zehatzagoa eman eta parte-hartzaileekiko harremanak errazteko, bloga ere sortu du Topaguneak. Interesa duen orok www.e2ibilian.org helbidean aurkituko ditu xehetasun guztiak: egitaraua, hizlarien curriculumak, bertara iristeko jarraibideak eta abar. Gainera, landuko diren gaien inguruko iritziak eta eztabaidak egiteko modua ere eskaintzen du blogak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun