Itzubaltzetako Ibar Nagusien Etxea bere XX urteurrena ospatzen dabil

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 21a, 18:47

Itzubaltzeta / Romoko Ibar Nagusien Etxearen 5.000 bat bazkidek badute gaur poztasunerako beste arrazoi bat, askok eta askok "gure etxea" lez daukaten nagusien etxeak hogei urte bete baititu gaur. Goizeko 10:30ean hasi da eguna, hogei urte hauetan hil diren bazkideen omenez herriko San Jose elizan egindako mezaren. Ondoren 11:15ak aldera, prentsarako tartea egin du Jose Luis Irusta nagusien etxearen presidenteak, alboan Imanol Landa Getxoko alkatea eta Elena Coria zinegotzia izan dituela. Ondoren, ospakizunari ekin diote txistulariek. Gainera, aitite-amomek beraiek egindako Nagusien Etxeari buruzko bideoa proiektatu dute, bertako bazkide, langile, irakasle eta zuzendaritza kideen zein politikarien adierazpenak eta bideoaren "making-off" azalduz. Goizeko ekimena luntxarekin amaitu dute, baina arratsaldean 18:00etan dantzaldia izango dute orkestrarekin. Gainera, pintura tailerreko ikasleek erakusketa jarri dute egunotan eta etzi, azaroak 23, Erromoko Kantariak abesbatzak saio bat egingo du Ibarren, 19:30ean. Hilaren 28an, berriz, oraingo eta antzinako zuzendaritza kideei gorazarre bazkaria egingo die Getxoko Udalak. Bitartean, Imanol Landa alkateak nabarmendu du Ibar “zentro aitzindaria dela, udalerrian oso errotuta dagoena, batez ere Romon eta Areetan, eta partaidetzaren eta autogestioaren aldetik eredugarria dena”. Argazkian, Ibarreko hainbat kide bideoari so.

Giro ona bizi da gaur goizean Ibarren. Barreak eta irriak izan dira Itzubaltzeta / Romoko edadetuen artean, haien eta ingurukoen buruak XX. urteurreneko bideoak ikustean, eta mokadua jaten bertako anekdotak eta gertaerak gogora ekartzeari ekin dio baten batek baino gehiagok. Gaur Imanol Landa alkateak eta Elena Coria Nagusiaren Etxearen presidenteak egindako bisitarekin antzekoa gertatu da, hainbat agurek baliatu du unea Landari bostekoa luzatzeko edota datorren udal hauteskundeak ere irabaz dezan animoak emateko. Atsoek, berriz, musukatu dute alkatea. Besteren batek, ordea, Udalak Nagusien Etxeari diru gehiago eman diezaion erabili du tartea, eta, jakina, irakurketa negatiboa egin duena ere izan da, "horiek botoen bila baino ez datoz" bere buruarekin marmarka zebilen aititea, esate baterako.

Hamaika ekintza

Irusta presidenteak eta Landa alkateak jakinarazi dutenez, Itzubaltzeta / Romoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakian dagoen Ibar Nagusien Etxeak bost mila bazkide inguru ditu gaur egun, 50 urteko aurrejubilatuengandik hasita eta 100 urte bitartekoenganaino. 1987an sortu zuten elkartea, bazkide bakoitzak 100 pezeta jarri zituela eta handik gutxira, mojak eraikinetik alde egiteko prest zeudela jakitean, Udalaren ateak joka hasi ziren etxea erosteko, arrakasta handiz. Gainera, lehenengo zuzendaritzak Gasteizko, Santanderreko eta hainbat lekutako nagusien etxeak bisitatu zituen arauak eta jarduerak finkatzeko. Baina, hogei urte hauetan bazkide kopurua izugarri handitu da eta jarduerak aldatuz joan dira. Egun, zentrotik kanpo egiten dituzten irteera ekologikoak, eguneko txangoak edo leku turistikoetara bidaiak bezalako ekimenez gain, egoitzan bertan eskaintza zabala dute ere: gimnasia, liburutegia, jolas-gela, lantegiak, pintura eta euskara ikastaroak, lehiaketak , abesbatza eta abar. Gainera, teknologia berrietara zabalik dagoen zentroa dela azpimarratu dute.

Alkateak gogoratu du Getxoko Udalak urte guzti hauetan zentro honen garapenaren alde emandako bultzadaren garrantzia udal arloan aitite-amomen gizarteratzea lortu delako, hein handi batean bertako kideek, Nagusiaren Etxearen zuzendaritzak eta herriko elkarteek egindako lanari esker. Imanol Landak gaineratu du, eta hitza eman die Nagusien Etxearen kideei, Udaletik zentro bizi baten, ekimenez betetako eta partaidetza handiko zentro baten alde egingo dutela beti. Horretarako bere ekintza egitaraua hobetzen saiatuko dira, hainbat programen, baliabideen eta laguntza espezifikoen bitartez, nagusien bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Eta eraikina bera konpontzeko lanak ere egingo dituztela agindu du.

Lanak eraikinean

Landak UKBERRI.NETi adierazi dionez, oraindik ez daukate argi lanak aurrera eramateko eraikina bota, hustu edo bertan mantenduko duten proiektua ikerketa fasean baino ez baitago oraindik. Baina hobekuntzak gutxienez arlo hauek hartuko ditu: dauden tutoretzapeko apartamentuak zaharberritzea, gizarte zerbitzuetako bulego batzuk Nagusien Etxera eramatea, teilatua konpontzea, barrualdea birmoldatzea eta irisgarritasun arazoak konpontzea. Aipatutako proiektua Legealdirako Plangintzaren barruan aurkeztuko du Udal Gobernuak eta konpromisoa hartu du lanak legealdi honetan hasiko direla. "Bukatu ere legealdian bukatzea espero dugu, baina proiektu zehatza ezagutu gabe ezin dut ziurtatu", gaineratu du alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun