Algortan eta Berangon orain hilabete izan zen polizia operazioaren harira, hiru gaztek euren burua aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Espainiako Polizia gazte hauen bila joan zen beraien etxeetara, baina ez zituzten aurkitu. Gaur Baltasar Garzon epailearen aurrean aurkeztu ondoren, Juan Bautista Galdiz "Batis" eta Gorka Oribe Lekube Soto del Realeko (Madril) espetxean sartu dituzte, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Jon Rosales gaztea, berriz, aske gelditu da 6.000 euroko fidantza ordainduta. Horrez gain, Espainiatik ateratzeko debekua ezarri diote eta maiztasun batez sinatzera joan beharko du. Argazkian, atxiloketak salatzeko 900 bat lagun manifestatu ziren, urriaren 19an, Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!