Arregik azaldu duenez, “bidegurutze bitxia da, ikus eremu txikikoa, eta horren eraginez, bai ibilgailuek, bai oinezkoek mugimendu okerrak egiten dituzte bertatik igarotzerakoan”. Asmoa, hortaz oinezkoen zein ibilgailuen joan-etorriak errezagoak egitea da, istripu arriskua gutxituz. Hartara, proiektuan talde teknikoak gehienezko zabalera 19,5 metrokoa izango duen biribilgunea egitea aurreikusten du, erdian 5 metroko bideartea izango duena. Horren eraginez, eremu horretan dauden 9 semaforoak kendu egingo dituzte. “Zirkulazioa biribilguneekin bideratzeak berez konpontzen ditu ibilgailuen mugimendu guztiak. Arindu egiten da trafikoa eta bertatik auto gehiago igarotzea ahalbidetzen da, semaforoen beharrik gabe”, Hirigintzako zinegotziak zehaztutakoaren arabera.
Gune arriskutsua
Arregik eskainitako datuek erakusten dute bidegurutze horretako ardatzik nagusiena Algortako Etorbidea dela, bide horretatik egunean 15.000 auto igarotzen direlako, Neguriko Etorbidetik igarotzen diren 2.400en gainetik. Getxo osoan istripuen kopurua txikia bada ere, txapa istripurik gehien gertatzen den udalerriko guneetako bat da, aurten 7 jaso direla. “Bidegurutzean planteatu dugun irtenbidearekin gutxitu eta hobetu egingo ditugu zenbaki horiek, batetik, eta gunea berrantolatzeko auzotarren eskaera berri bati erantzuna emango diogu, bestetik”, esan du udal arduradunak. Horrez ganera, Eusko Jaurlaritzaren araudia betez, proiektuak, eremu horretan, 2 metroko zabalera izango duten espaloiak aurreikusten ditu. Lanak sei hilabete barru egongo dira amaituta. Zinegotzi getxoztarrak aurreratu duenez, ganera, lanook zailak izango dira inguruko bidearen azpian kanalizazioak, saneamendu tutuak eta operadore zenbaiten kableak daudelako. Zatika egingo dira beharrak baina irauten duten bitartean ez da zirkulazioa eten egingo.