Dagoeneko salgai daude Algortan Aitor Zabaletaren omenezko bertso bazkarirako txartelak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 23a, 17:04

Abenduaren 15ean, larunbatarekin, izango da Aitor Zabaletaren aldeko omenaldi egun handia, Errekaldeko Kukutza gaztetxean. Besteak beste, futbol txapelketa, erakusketa, bideoak, azoka alternatiboa, graffiti antifaxista, hitzaldiak eta kontzertuak izango dira goizetik gauera; baita bapo bazkalduta, bertso ederrak entzuteko aukera ere. Izan ere, bertso bazkaria dago antolatuta egun horretarako, 14:00etan. Eta, bertsolariak, eskualdean ez ezik, Euskal Herri osoan ere, aurkezpenik behar ez duten hiru neska-mutil. Fredi, Xabi eta Itsaso Paya Ruiz anai arreba algortarrak izango dira egunari errima jartzen arduradunak. Gauzak horrela, Algortan ere izango da bazkarirako txartelak erosteko aukera: Lainoa tabertan (Urgull kalean, antzinako kultur etxearen alboan) egongo dira salgai, azaroaren 30era bitartean, 10 euroren truke. Argazkian, hiru Paya Ruiztarrak amaren atzean / Itsasmuga.

Dirua momentuan bertan ordaindu beharko da. Izan ere, guztira bertso bazkarian zenbat lagun izango diren aurretik jakin nahi dute antolatzaileek. Horregatik ere jarri dute azaroaren 30era arte, izen-emateko epea. Kontua da oraindik ere txartelak ez daudela eginda, jakinarazi dutenez. Hori dela eta, Lainora joaten direnek izen-abizenak eta kontaktuan egoteko daturen bat (telefono zenbakia edo e-posta) eman beharko dute, behin txartelak daudenean jaso ahal izateko. Hori bai, 10 euroak ordaintzeko momentuan frogagiria emango zaie, inolako arazorik ez egoteko.

Edozein zalantzatarako:

Telefono zenbakia: 652 764 387 (Kepa)
e-posta: ukberrinet@ukberri.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun