Getxoko 42 elkarteren artean 80.000 euro banatu dituzte Gizarte Zerbitzuek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 23a, 19:15

Getxoko Udalak aste honetan bertan hartu du Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean diharduten 42 erakunderen artean 80.000 euro banatzeko erabakia, arlo horretako zinegotzi Elena Coriak aurreratu duenez. Diru laguntza horien helburu nagusietako bat da, udal agintariaren hitzetan, udalerriko elkartegintza babestea. “Guretzat oso garrantzitsua da elkartegintzari babesa ematea. Batetik, herritarrek elkartasun laguntza topatzen dutelako elkarteen artean; eta bestetik, guk, herri administrazioa garen aldetik, hobeto ezagutu ahal dugulako jendartea”. Diru laguntzen bitartez, "gizarte zibilaren partaidetza suspertu ere nahi dugu boluntariotza sustatuz", Coriak gaineratutakoaren arabera. Jasotako dirua, besteak beste, herritarrak sentsibilizatzeko, laguntza psikologia emateko eta boluntarioak biltzeko proiektuetarako, eta informazio eta orientatze jardueretarako izango da. Argazkian, Elena Coria zinegotzia zentzumen-urrituak artatzen dituzten Neguriko Belauste eguneko zentroan bisitan / Ilanda.eu.

Diru laguntza horiek ematerakoan aintzat hartu diren irizpideak izan dira, besteak beste, elkarte eskatzaileak aurkeztutako programa edo jarduera mota; programaren maila berritzailea eta kalitatea; eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu aldera jasotzen dituen neurriak, udal iturrien arabera. Kulturartekotasun eta hizkuntz normalizaziorako irizpideak ere baloratu dituzte. Gaur egun 81 dira Getxoko Udalaren Gizarte Zerbitzuen alorrean izena emanda duten elkarteak eta 46 izan dira aurkeztutako eskaerak. Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak argitutakoaren arabera, lau elkartek ez dute diru laguntzarik jasoko, "eskatu zuten jarduerarako esparru hitzarmena bazegoelako, eskaera epez kanpo aurkeztu dutelako edo deialdiaren helburuekin bat egiten ez zutelako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun