Hegaztiei eraztuna nola jartzen dieten ikusteko aukera egongo da etzi Bolueko hezegunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 23a, 20:49

Urtea bukatu bitartean, Bolueko hezegunean lekututa egongo da hegaztiei eraztuna jarri eta aldi berean horien markaketa egiteko estazioa, urtaroz urtaro horien presentzia eta ugaritasuna ezagutu ahal izateko. Hori dela eta, igande honetan, azaroak 25, 10:00etatik aurrera, bertara joateko aukera edukiko dute herritarrek, ekintza hori nola egiten den eta bere helburuak ezagutzeko. Euria edo haize handia egiten badu, bertan behera geratuko da hegaztien segurtasuna bermatzeko, udal iturriek aurreratu dutenez. Eraztunak jartzeaz Xabier Buenetxea Bolueko hezeguneko faunaren jarraipenaz arduratzen den teknikari eta basoko ingeniari teknikoak; eta Sergio de Juan eta Begoña Valcarcel Hegaztien Migrazio Zentroko adituek koordinatu eta aurrera eramango dute. Argazkian, tarteka, bitxikeriak ere gertatzen dira Bolueko hezegunean: ekainean dortoka asiar (pelodiscus sinensis) bat agertu zen; Buenetxeak berak eskuetan duena / El Rincon de las Cuatro Patas

“Estazioa hartuko duen lehendabiziko udalerria gara eta horren helburua hezetokietako habitaten espezieak, tartean sedentarioak ere, identifikatzea eta urrutitik ikus daitezkeen eraztunekin markatzea da; besteak beste, urtean hazten diren kopuruak eta eragin aldetik egiten dituzten mugimenduak ezagutzeko”, azaldu du gaur goizean, Bolueko hezegunean, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak. “Zeregin horren bitartez lortuko den hegaztien gaineko informazio garrantzitsuari esker, ondoren, ingurua hobetzeko ekintzak eraman ahal izango dira aurrera; esate baterako, espezie zehatz batzuei bultzada ematea edo hobekuntza lanak egiteko urteko aldi hoberenak aukeratzea”, azaldu du agintari getxoztarrak.

Egin beharreko lana

Xabier Buenetxeak hezetokian egiten ari diren lana azaldu du. Astean behin, hegaztiak harrapatzeko sareak ipintzen dituzte, tarte horretan ez ezik, urtean ere harrapatzen dituztenen kopurua ezagutu eta konparatzeko. Horrela, hezegunean bertan egiten dutena, emigrazioa, bizitza luzera, jatorria eta abar ezagutzen dituzte. “Aurten, orain arte, 500 hegazti baino gehiago harrapatu ditugu; bitxiena martin arrantzalea eta zingira-berdantza dira. Lehenengo espezieari dagokionez, 22 harrapatu ditugu eta hori zergatik datorren hezegun honetara aztertu behar dugu, eraztunak ipintzeko beste denboraldi batzuetan kopuru horiek ez direlako harrapatzen. Bigarrena galtzeko arriskuan dagoen espeziea da eta Boluen ematen duen negualdia kontrolatu behar dugu; baita zein interes bereziko tokiak eta etzalekuak erabiltzen dituen ere”, azaldu du adituak.

Hezegunean dabiltzan ahateak ere harrapatzen dituzte markatzeko (batez ere ahate urdinbizia), baita beste hegazti urtarrak ere; esate baterako, kopetazuri arruntak eta uroiloak. Uroilanda eta uroilanda handiei, lezkari arruntei eta karratxinei, errekatxindorrei, martin arrantzaleari, euli-txoriei eta txinboei ere eraztuna jarriko diete.

Datuak Madrilera

Bertan jarritako sare batean gaur goizean harrapatutako txantxangorriari egindako erakustaldianeraztun jartzaileek euren lanaren nondik norakoak erakutsi dituzte. “Harrapatutako hegazti bakoitzari eraztun espezifikoa jartzen diogu, bere NAN izango balitz bezala; eta horrek identifikatzeko erabilpen-kodea du. Datu guztiak Madrilen geratzen dira zentralizatuta eta Londresetik gertu dagoen datu-base batekin koordinatzen dira”, azaldu du Sergio de Juanek. Eraztuna jartzeaz gain, hegaztien pisua, hegoen zabalera, koipe kopurua eta giharrak neurtzen dituzte, osasuntsu dauden jakiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun