Egitaraua
Leioan:
- 12:00etan, auto-karabana osasun-etxearen atzealdetik.
- 13:15etan, triki-kalejira Tigre enparantzatik.
- 15:00etan, otordua Plaza Gorrian.
Algortan:
- 12:00etatik 14:00etara, aldarriaren atxikimendu bilketa Telletxen.
Itzubaltzeta / Romon:
- 12:30ean, triki-poteoa Branka kultur elkartetik hasita.
- 13:30ean, independentziaren aldeko kontzentrazioa eta argazkia Xake Plazan.
- 14:30ean, otordua, txistorrada eta txotxa Branka kultur elkartean.
Erandion:
- 11:00etan auto karabana kiroldegitik.
- 13:00etan elkarretaratzea metroko plazan.
- 15:00etan herri bazkaria Hegoalde tabernan.
Bilbon:
-19:30ean, herrialdeko manifestazioa Plaza Eliptikotik abiatuta.
Eusko Abertzale Ekintzaren oharra:
Azaroaren 24an independentziaren alde kalera ateratzeko deia egin du EAEk
Euskaldunok baditugu inoiz baino arrazoi gehiago independentziaren aldeko apustua egiteko. Euskal Herriaren urte luzeetako historiak horixe erakusten digu:
Independenteak izan ginen Nafarroaren izenpean, indarrez Estaturik gabe eta zatiturik utzi gintuzten arte. Gerora, foruak izan ziren gure Askatasunaren hondarrak, baina horiek ere gehiegizkoak iruditzen zitzaizkien. Frantziar eta espainiar nazioetan murgiltzea da nahi zuten eta nahi duten bakarra, eta soilik deszentralizazioan oinarritutako formulak onartzen dituzte. Erregionalismoan jarri dute muga, eta beste guztia gaitzesten dute. Erabakitzeko ahalmena bermatzen duen autonomiari ere ezezkoa eman diote, aspaldiko gatazka honi konponbide politikoa emateko aukera historikoa zapuztuz.
Beste behin ere Espainiako Gobernuak argi utzi du ez duela Espainiaren lurralde batasuna kolokan jar dezakeen ezer onartuko. Ez duela aldaketa sakonak egiteko inolako borondaterik. Euskal Herriaren zatiketa eta ukazioarekin jarraitzeko apustu irmoa egin du, eta Euskal Herriaren eskubideak urratzen dituen egungo marko politikoa gainditzeko aukerari ezetz esan eta muga jarri dio: Espainiako Konstituzioa. Hain zuzen, orain dela 30 urte euskaldunok ezetza eman genion Konstituzioa.
Proiektu politiko guztiak, independentzia barne, gauzagarri egingo dituen marko demokratikoa eraikitzeko aukerari ezetz esan dio. Ateak itxi dizkio independentziari. Eta diogun bezala, bide bakarra eskaini dio herri honi: Espainiako Konstituzioa eta errepresioa. Eta horretan, gainera, bidelagun ederra topatu du PSOEk: PNV. PNVren lehentasuna ez da Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak aitortu eta bermatuko dituen marko demokratiko bat eraikitzea; euren asmo bakarra bere botere posizioa handitu eta egonkortzea da, eta horretarako, Euskal Herriari, orain dela 30 urte egin bezala, iruzur berri bat egin behar badio, ez du inolako eragozpenik.
Aspaldiko euskaldunek jakin zuten kanpokoen menpekotasunean ez erortzeko formula bakarra Estatu baten osaketan zegoela, eta mende luzeetan eutsi zioten independentziari.
Oraingo euskal herritarrok ere ataka berdinen gaude. Euskal Herria aldaketa politikoaren fasean dago, eta aldaketa hori gauzatzea atzeraezinezko hautua izan behar du independentistontzat. Historiari erreparatu eta handik ikasi behar dugu, eta etorkizunari so eginez, independentziari baiezko borobila ematen diogu. Etorkizuna independentzia izan behar du.
Horregatik, independentziaren alde gauden guztiok batu behar dugu. Badugu guztion topagune izan daitekeena, gainera: orain aste batzuk aurkeztu genuen manifestua.
Batu eta kalera ateratzeko unea dela uste dugu. Herri honen etorkizuna berma dezakeen proiektu politiko bakarra independentzia dela ozen esateko. Horregatik, dei egin nahi dugu azaroaren 24an herriz herri, eta molde ezberdinetan, egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Madrilen egun horretan gure ilegalizazioa eskatuko duten bitartean, ozen aldarrikatu behar dugu Euskal Herriko kaleetan hemen ez dela soilik EAE-ANV ilegalizatzen, hemen aukera independentista dela ilegalizatu nahi dutela, independentzia dela ilegalizatu nahi dutela. Egun horretan hesi bat jarri behar diogu ilegalizazioari, eta Independentziari bidea ireki.
Eusko Abertzale Ekintza