Iñaki Ezquerra
Ermuako Foroaren presidente berriak "La situación del Foro de Ermua tras la creación de un nuevo partido" izeneko hitzaldia emango du astelehenean, hilak 26, Ereaga hondartzako Igeretxe hotelean. Ekitaldia Getxoko PPk antolatu du eta iluntzeko 19:30ean hasiko da. Popularrek zabaldu dutenez, Marisa Arrue Espainiako Kongresuko diputatua, Kultur Batzordeko presidente ordea, Getxoko zinegotzia eta bertako popularren presidentea ere badena izango da Ezquerrarekin batera hitzaldian. Iñaki Ezquerra Ermuako Foroaren presidente aukeratu zuten pasa den irailaren 23an, Mikel Buesa aurreko arduradunak UPD alderdi berrian izena eman ostean Foroan sortu zen krisialdiaren ondoren. Izan ere, PPtik gertu dauden Foroaren kide gehienek ez zuten begi onez ikusi Buesa Unidad, Progreso y Democracia Rosa Diez eta Fernando Savaterren alderdian sartu izana. Ermuako Foroa PP eta PSE-EEko kide eta zale askok sortu zuten 1998ko otsailaren 13an, ETAk Miguel Angel Blanco Ermuako zinegotzi popularra hil eta hilabete batzuetara. Argazkian, Iñaki Ezquerra Cadizen emandako hitzaldi batean / Ermuako Foroa.