Provida Animal elkarteak Leioako auzokide bat salatu du, bere balkoian, irten gabe, bi txakur izan dituelako zortzi hilabetez. Animalien babeserako salaketaren ondorioz, Ertzaintzak espedientea zabaldu dio abereen jabeari eta Provida Animalek txakurrak bere zaintzapean uztea eskatu du, adopzioan eman arte. Elkarteak zabaldu duenez, txakurrak beren gorotzen artean bizi izan dira zortzi hilabeteetan balkoian bertan, inoiz atera gabe. Gainera, jabeak lotu egin zituela salatu dute. Txakur bat "villano" arrazakoa da eta, bestea, tamaina beretsuko txakur iletsua. Provida Animal elkarteari abisua eman zion auzokidearen hitzetan, txakurrek "etengabe zaunka egiten zuten eta kalera ez ziren sekula ateratzen". Horrela, auzokideen batzarrera eraman zuen gaia, baina txakurren jabeak mehatxatu egin ziola esan du auzokideak. Gainera, trastelekuan untxiak haztea leporatu dio. Argazkian, "villano" motako txakur bat, Leioako aferarekin loturarik ez duena.