Udalbiltzaren agiria:
Azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna
2007. urteko azaroaren 25ean, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko datuek egoera gordinean gaudela erakusten digute, egunez egun larritzen ari den egoeran, gero eta bortitzagoa den egoeran.
Indarkeriaren biktimak ez dira bakanak eta ustekabekoak, jendartearen antolaketa hierarkikoaren ondorio zuzena baizik, egiturazko egoeraren ondorio.
Guztiok dugu zereginik horri guztiari aurre egiteko eta bereziki instituzioak, horrelako gertaerak jazotzen direnean, ezin diegu bizkarra eman. Erasoak salatu eta prebentzioa lantzeaz gain, indarkeria txoko eta momentu guztietan ematen dela eta jendartean dugun eredu patriarkalak eragiten du azpimarratzea ezinbestekoa dugu.
Esan bezala, ingurumari honetan, erakundeen erantzukizuna nabarmentzekoa da, beharrezkoak diren prebentzio eta laguntza osoak eta eragingarriak hartu eta eskaini behar baititu: egoera lazgarri hau amaiaraziko duten bitartekoak, Euskal Herri osoan eta euskal emakume guztientzat. Norbere burua zuritu eta egoera isiltzeko legeez eta sasi prebentzioaz haratago, premiazkoa dugu eragingarriak izango diren bideak irekitzea, egiturazko arazoari aurre egiteko.
Bide horretan, Udalbiltzak bere konpromisoa berretsi eta dei egin nahi dio euskal jendarteari, azaroaren 25ean emakume mugimenduak antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzeko.