Bestalde, Erandio eta Leioako udalek hitzarmena izenpetu dute Astrabudua-Udondoko industrialdea izango dena kudeatzeko. Industrialdeak 92.966 metro koadroko azalera izango du, lehen Dow Chemical enpresak hartzen zituen lurretan. "Industrialdean egingo diren pabilioietan ez da jarduera kutsatzaile eta arriskutsurik garatuko", aipatu dutenez. Bide berriak eta aparkalekuak ere egin beharko dira zonalde horretan. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak lurzoru-erreserba egin du egunen baten tranbia-linea bat jarri ahal izateko, hala erabakiz gero.
Igogailuak Lutxanan
Erandioko Udala, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Metro Bilbao erakundeetako ordezkariak harremanetan izan dira Lutxanako metro geltokian igogailuak jartzeko, eta nahiko aurreratuak daude horretarako gestioak, udal iturrien arabera. "Erandioko aginte batzordea osatzen dugun kideok badakigu mugikortasun urriko pertsonek zelako zailtasunak dituzten geltokiko bi nasen arteko arrapalak gainditzeko", azaldu dute. Alde bietako nasak lotzeko arrapalaz osatutako gaineko pasabide hori gainditzeaz gain, San Jose auzorako sarbidea ere erraztuko dute laster jarriko dituzten igogailu horiek.
Skate pista Altzagan
Herriko kirol azpiegiturak ere osatzeko asmoa dute Erandioko agintariek eta, horretarako, “skate park” bat egiteko asmoa dute Altzaga kiroldegiaren inguruan. Horrela, erantzuna eman nahi diote udalerriko gazteek sarritan egindako eskariari. Egingo duten ekipamenduak gurpil-oholarekin ari direnentzat zein patinekin dabiltzanentzat balioko du. Udaleko Kirol Sailean diseinu eta azalera desberdineko pista ereduak dituzte esku artean. Eta kiroldegiaren inguruko eremuaren berrantolaketaren arabera zehaztuko dute “skate park” horren kokalekua.