Emakumeen eskubideen defentsan nork bere ardura hartzera deitu du Bilgune Feministak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 25a, 17:22

Algortako Bilgune Feministak deituta, 60 bat lagun elkarretaratu dira gaur eguerdian Algortako Telletxe plazan Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira egindako kontzentrazioan. "Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea denon ardura da. Zuk zer egingo duzu?" itauna plazaratu dute pankarta baten bidez mugimendu feministaren kideek. Gainera, mugimendu feminista osoari kaleratutako proposamenean, Bilgune Feministak salatu du hedabideetan zabaltzen den eta "sistema patriarkalak eragiten duen indarkeria" ez dela "indarkeria sexista, tratu txar eta erailketetara" soilik mugatzen, baizik eta "izaera estrukturala" duela. Horren aurrean, indarkeria matxistaren aurrean, alde batetik emakumeek autodefentsa erabiltzea defendatu du Bilguneak, erakundeek eskaintzen dituzten "partxeei" zain egon gabe. Beste alde batetik, arazoarekin bukatu nahi bada, emakumeez gain, gizonezkoek eta jendarteak ardurak hartu behar dituela nabarmendu du BFk: "erasotzaileek ezin dute ondorio sozialik jaso gabe, ezer gertatu ez balitz bezala kalean, lantokian, etxean... bizi normala egiten jarraitu. Argi utzi behar diegu, beraien jarrerak ez dituela inork onartzen". Bestalde, Erandioko Emakumeen Elkarte Sozio-Kulturalak ere elkarretaratzea burutu du, Erandioko udaletxearen aurrean.

Bilgune Feministak zabaldutako oharra:

2007ko azaroaren 25eko mugimendu feministarako proposamena

Emakumeon eskubideak urratuak dira momentu oro:

Sistema patriarkalak eragiten duen indarkeria ez da, inolaz ere, komunikabideek erakusten digutena bakarrik. Informazio bonbardaketa eta sentsazionalismoak sortzen duen desinformazioak emakumea bakarrik, isolatuta sentitzera daramatza.

Indarkeria sexista, tratu txar eta erailketetara bakarrik mugatu izanak arazoaren dimentsioa ikusezin bihurtzen du, indarkeria sexistaren izaera estrukturala alboratuz.

Emakumeok erasoak eta isolamenduaren aurrean, autodefentsa:

Aurre egiteko ordua da bizi dugun egoerari, besteek zer egin begira egon beharrean bildu eta autodefentsa mekanismoak jarri behar ditugu martxan, jarrera aktiboarekin antolatuz eta beldurrik gabe. Gure eskubidea delako emakumeok aski da esan behar dugu eta bitartekoak jarri aurre egiteko. Bizi duguna denon arazo egin eta emakumeok kontziente izan gaitezen, denon artean aurre egin diezaiogun indarkeria matxistari.

Momentu hauetan, udal, gobernu zein beste erakunde eta instituzioetatik eskaintzen digutena "partxeo" bat besterik ez da. Bitartean, emakumeok kolpatuak, irainduak, gutxiestuak izaten jarraitzen dugu egunero, kasu batzuetan erailak izan arte.

Erasoekin amaitzea jendartearen erantzukizuna da:

Eremu eta espazio espazio guztietan ematen diren erasoekin amaitzeak ezin du emakumeon ardura bakarrik izan. Jendarteak erasoen aurrean duen gaitzespena irmoki adierazi eta denontzako mundu bat egiteko neurriak martxan jarri behar ditu. Norbanakotik hasita, jendarte osoa mobilizatu arte zaila izango da beharrezkoa den benetako aldaketa lortzea. Erasotzaileek ezin dute ondorio sozialik jaso gabe, ezer gertatu ez balitz bezala kalean, lantokian, etxean... bizi normala egiten jarraitu. Argi utzi behar diegu, beraien jarrerak ez dituela inork onartzen.

Erakutsi zure gaitzespena indarkeria matxistaren aurrean!

Gora emakumeon borroka!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun