Itzubaltzetako Askatasunaren oharra:
"Orain dela gutxi hasi nintzen lanean, ireki berria den fabrika baten. Hasieran, dena primeran zegoen; beno, badakigu lana zer den, soldataren truke esklabu bihurtu eta rollo horiek guztiak, baina tira...".
"Bapatean, gauza arraroak hasi ziren gertatzen. Adibidez, pasa den barikuan, esan ziguten txandak aldatuko zirela; ez nagusiek aldatuko zituztela, baizik eta 'berez' aldatuko zirela. Azkenean, zapatuan beste 8 ordu eman genituen lanean. Hori ez zen agertzen kontratuan, baina onartu besterik ez genuen egin. Zer egingo genuen bestela?".
"Baina aldaketek etengabe jarraitu dute. Kontratuen iraupena ere aldatzen da, ia-ia hilabetetik hilabetera. Nire kasuan, 9 hilabeteko kontratua sinatu nuen; baina atzo nagusiek esan zidaten "agian" 4 hilabeteko kontratua izango dela. Gainera, niri epe hori betetzear dagoenean esango didate, hau da, lau hilabete barru jakingo dut zenbat iraungo duen nire kontratuak. Erokeria? Zalantzarik gabe...".
Aurreko testuak zentzugabea dirudi, eta benetan zentzugabea da. Zentzugabea da denok, bizitzan zehar, epe jakinetan finkatu behar dugulako geure burua. ikasturtea, kontratu baten iraupena, urte-sasoiak... Bizitzarako planak egiten ditugu epe horiek kontuan hartuta, bestela ezin izango genuke orainalditik harago joan.
Baina euskal preso politikoek adibidean ikusi duguna bezain egoera zentzugabe eta ikaragarrian sartzeko arriskua dute. Parot doktrina delakoak presoaren erabateko babesgabetasuna dakar, honek ez baitauka jakiterik bere zigorra noiz bukatuko den. Parot doktrina legearen interpretazio guztiz arbitrarioaren ondorioa da eta espetxe onurak presoaren zigor bakoitzean aplikatzean datza, horrela gutxieneko 30 urteko zigorra beteko dela bermatzen delarik. Honek agerian uzten du justiziaz baino mendekuaz ari garela, eta oinarrizko eskubideen urraketa da.
Parot doktrinak presio psikologiko etengabea eragiten dio presoari, batez ere kontuan badugu 1973ko Zigor Kodearen arabera kondenatutakoei ezartzen zaiela eta, beraz, urte asko pasa dituztela espetxean. Doktrina ezarriko dela presoaren askatzeko gutxi falta denean iragartzeak larriago bihurtzen du, mendeku bidegabea.
Parot doktrina euskal preso politikoen eskubideen aurkako eraso bortitza da, eta hedaduraz, euskal herri langilearen eskubideen aurkakoa ere bada. Hortaz, guztion lana da sentsibilizatzea eta honen berri zabaltzea, doktrinaren kontra borrokatu ahal izateko.