Aurrekontuen proposamenean Osakidetzan eta Ertzaintzan euskararen normalizazioaren alde egiten duten gastua ez da nabarmen agertzen. Administrazioaren euskalduntzean, gardentasuna eskatu dute Kontseiluko kideek: "hirugarren urtez eskatzen dugu Ertzaintzan eta Osakidetzan, Hezkuntza Sailean bezala, programa berezi bat izatea, non euskararen sustapenera bideratzen diren bitartekoak argi agertuko diren".
"Gaztelania edo euskara sustatzen ari ote den zalantzak izatekoa da"
Aipatzekoa da EITBk jaten duela Kulturaren aurrekontuaren erdia; beraz, bi kanalen arteko desberdintasun handia kontuan hartuz –ETB1en aurrekontua txikiagoa da–, "gaztelania edo euskara sustatzen ari ote den zalantzak izatekoa da". 2007koarekin konparatuz %13,7ko igoera proposatzen du 2008ko zirriborroak. Aurrekontu bateratua ordea, 10.692.700 eurokoa da. Kultura Sailak izan duen igoera hori EITBren finantzazioak justifikatzen du. Izan ere, euskararen sustapena ez da hazten %3,98, besterik oso urrun Kultura Sailak izan duen %13,16ko hazkundetik.
Kultura Sailari eta Euskararen sustapenari buruzko aipamenik txikiena ere ez da ageri Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak aurkezteko prestatutako dokumentuan, 2007.ean gertatu zen bezala. "Garbi adierazten du horrek euskararen normalizazioak zer leku betetzen duen Jaurlaritzaren asmoetan".
Bestetik, 2008ko aurrekontuen proposamenean ere berrikuntzak topatu dituzte Kontseiluko aztertzaileek. Batetik, positiboki baloratu dute ONCEri, Espainiako itsuen elkarte nazionalari, bideratutako kontu-saila sortu izana. Kontseiluko kideek gogora ekarri dute Durangoko azokaren testuinguruan herritar batek euskarazko liburuen katalogoa braille sisteman osa zedila eskatzeko egin zuen gose-greba. Bestetik, "pertsona eredugarriei zuzendutako ikastaroak", izenburuarekin diru-partida bat ere aurreikusi da. Kopuru honen argibideak eskatu dituzte Kontseiluko ordezkariek, "norentzat eta zein irizpide kontuan hartuko diren jakin nahiko genuke".
Hutsune horien guztien ondorioz, Kontseiluak alderdi politikoei hainbat zuzenketa proposatu dizkie. Hain zuzen ere, partida bakoitzean behar den igoera azalduz prestatutako zuzenketak jakinaraziko dizkiete alderdi politikoei.