Duela egun batzuk, Eudelek emakunderekin batera Azaroaren 25ari begira (emakumeon aurkako indarkeriaren kontrako eguna) adierazpen bat argitaratu zuen, getxoko udalak ere bere egin duena (urriko udalbatzan onartu egin zen). Oso hitz politak dira bertan aipatzen direnak, asmoak ere ez dira makalak “haien eskumenak kontutan izanik”.
Baina aipatu bezala, danon ardura da emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzea. Baita agintariena ere (udal agintariak barne), haien lana ez da hitz politak esatea eta adierazpenak egitea. Udalak badauka eskumen nahikoa egoera aldatzen joateko, indarkeria kasuen aurrean arreta egokia eskaintzeko, prebentziorako bitarteko ezberdinak eskaintzeko,… baina sinestarazi nahi digute haiek ezer gutxi daukatela egiteko. Politika integralak aplikatuko dituztela diote, baina aldi berean ez dugu aurrerapenik ikusten berdintasun planaren garapenean (batez ere gai honi dagozkion puntuen inguruan). Ez du indarkeriaren izaera estrukturala oinarritzat hartzen, eta hortaz ez ditu indarkeriak dituen eragin eremu guztiak eta adierazpenak aitortzen.
Baina hau gutxi balitz, gazterian zentratzen da, benetan kontutan izan gabe gazteen artean zer eta zelan ematen den. Bada larria gazteen artean ematen den indarkeriaren dimentsioa, baina ez gauza berri bat delako. Larria da, patriarkatua bizirik eta sendo dagoenaren adibiderik garbiena delako baizik.
Argi dago instituzio hauek ez dutela eraldaketa bat bilatzen.
Azaroaren 25erako zabaldutako kanpaina gazteei zuzenduta dago. Sexuen artean ematen diren harreman hierarkikoak lantzen ditu batez ere, mutilak nesken janzkeran etab.-enagan izan ohi duen kontrola salatuz. Baina barregarria da(penagarria ez esatearren) kanpaina hori zabaltzea EAEn eskumen hori ikastetxeetako zuzendarie emango dion dekretu bat osatzen ari den momentu berean.
Ez al da garrantzitsuagoa pedagogia askatzaile eta hezkidetzaile bat bultzatzea eta eskaintzea, gazteriaren %20ak asko jota irakurriko duen panfletoetan papera gastatzea baino?
Aski da! Horrelako adierazpen korrektoek ez daukate lekurik indarkeriaren aurrean politika integral batetan inbertitzen ez duen udal batetan.
Azkenik, garrantzitsua da ikustea emakumeok baditugula bitartekoak, kolektiboak zein indibidualak, indarkeriaren aurrean erantzuteko. Jarrera indibidual aktiboaz, gure autoestima landuz, emakumeok antolatu eta pertsonen arteko harreman berriak sortzea lortuko dugu.
Edozein motatako eraso eta jarrera matxistak deuseztatuz.
Erasotzaileak baztertzeko ordua da, jendarteak ezin ditu jarrera hauek babestu, ezin gara konplizeak izan.
Ez dugu gure herrian erasotzailerik nahi!
Beraz, indarrak hartu, instituzioen zurikeriak salatu eta indarkeriari aurre egin!
Emakumeok eskubidea daukagu aske eta lasaitasunez kaletik ibiltzeko, lan egiteko, etxera joateko! Eta hori eragotziko duten jarrerak ezin dira onartu!
Algortako Bilgune Feminista