Minutu batzuk pasaturik, nik zalantza batzuk helarazi nahi nizkion, baina berak ez zuen gure hizkuntza ulertzen. Hura bai ezinegona! Etengabe eskatzen nion mesedez euskalduna zen langile batekin harremanetan jartzeko, baina berak euskaraz arreta jasotzeko eskubideari behin eta berriro uko egiten zion. Azkenean, oihu bizian jarri nintzela, euskaraz hitz egiteko gaitasun pitin bat zeukan beste langile bat hurbildu zitzaidan, eta hari esker konpondu nituen azkeneko zalantzak.
Trantze haren aurrean, une hartan bertan helegite bat egitea erabaki nuen, euskaraz eman beharreko arreta behin eta berriz ukatu zidatela argi azalduz. Bi aste eta erdi pasatu, eta hara non epaitegitik datorren eskutitz bat jasotzen dudan, erdara hutsez berori, nire kexa artxibatu dutela esanez, haien aburuz langile haren jokaeran ez zelako ez faltarik ez deliturik izan.
Gaurko politikari demagogo askok, gure herrian euskara zein erdara hizkuntza ofizialak direla, eta biak erabiltzeko eskubidea dugula adierazten digute. Alabaina zenbait instituzio ofizialetan euskaldunon oinarrizko eskubideak ez dituzte errespetatzen, eta gainera erdara hutsezko notifikazioekin adierazten digute euren jokabidearen zilegitasuna, nortzuk eta gure hizkuntza orain ezagutu ez eta inoiz ere ezagutzeko asmorik ez duten epaile batzuek. Zer justizia dugu euskaldunok gure herrian, baldin eta berorren kudeatzaileek gure hizkuntza ezagutzen ez badute? Zelan erantzungo diegu haien deialdiei, baldin eta gurea ez den hizkuntza batean idatzita agertzen badira? Erdara hutsez datozen gutun horiei erantzun behar ote diegu? Hori ei da gaur egun euskaldunok daukagun (in)justizia, erdaldunek antolatutako zeremonia eta pitokeria ziztrina besterik ez dena. Eta neure bihotzak, (in)justizia horri muzin egiteko eskatzen dit.