Aste honetan hainbat ekitaldi dituzte aukeran berbalagun getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 27a, 18:30

Gaur bertan, "Edan ase arte" olerkia eta akordeoia batzen dituen saioa ikusi ahal izango da Aldai kulturgunean, Egizu Getxo euskaldun! elkarteko Irakurzaleen Txokoak antolatuta. 20:00etan hasiko da emanaldia, sarrera doan. Bihar, berriz, toponimia jardunaldiak izango dituzte berbalagunek eta horrela nahi duten euskaltzale guztiek, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Azkenik, Euskal Kulturaren Jardunaldien ekitaldietatik kanpo, Gernikako Itxasmendi txakolindegira bisita gidatua eta txakolin dastaketa egingo dute larunbatean, abenduak 1. Besteak beste, autobusez irtengo dira Algortako Kirikiñotik 9:30ean, eta buelta 14:30ean egingo dute. Bidaiak 12 euro balio du eta umeentzat aisialdi plan berezia prestatu dute. Txikiek 5 euro ordaindu beharko dituzte bakarrik. Joan nahi dutenek 619 935 541 telefono zenbakira deitu beharko dute. Argazkian, Egizuk mendi irteerak ere antolatzen ditu berbalagunekin / Egizu.

Txus Aranburu eta Mikel Peruarena Ansaren proiektu bat, poesia eta akordeoia, bandoneoia eta poesia. "Edan ase arte" ikuskizun soila da ahots bat eta akordeoi bat, bandoneoi bat eta ahots bat, bi lagun. Musika ere soila da, hitzak ere bai, hauskorra da ikuskizuna, bizitza bezala, heriotza bezala, maitasuna bezala... Hari fin batean dantzan eta saltoka dabiltza gure hotsak, gure bizitzak, taula gainean, alde batera edo bestera noiz eroriko, oreka gorde nahian, egarri amaigabe honentzako argi bila, ase arte edatea, edateko gogoa sekula ez galtzea baita, bizitzeko, maitatzeko eta hiltzeko irrika sekula ez galtzea baita. Egizu elkarteak antolatuta, literatura eta irakurzaletasuna sustatzea helburu duen Irakurzaleen Txokoa izeneko ekimenaren eskutik datorkigu.

Toponimia

Toponimia jardunaldiei dagokionez, Josu Larrañaga berbalagunak parte hartuko du eta azalduko du zergatik den garrantzitsua denok Getxoko toponimia ezagutzea: "betiko Getxo erakusten digulako, hamarkadetan, mendetan beste Getxo bat egon da, ohitura eta bizimodu batzuekin, baserriak, arrantza, sinesmenak... eta hori dena, izkutuko mundu magiko hori, ezezaguna, toponimian agertzen da, toponimia da hori dena deskubritzeko giltzetako bat", adierazi du Rozio Luces Egizuko arduradunak. Gainera, bakoitzak galdera horri erantzun diezaion Larrañagaren e-posta helbidea ere eskura jarri dute: josularra[abildua]gmail.com Mahai inguruan, Fredi Paya eta Iratxe Lasarekin batera arituko da.

Zazpi gurasolagun talde

Bestalde, jakinarazi dutenez, Sendi egitasmoan iaz baino gurasolagun talde gehiago sortu dira aurten, zazpi hain zuzen ere. "Oraindik badira guraso batzuk talderik gabeak, eta horregatik animatu nahi zaituztegu izena ematera. Hemen ere haurtzaindegi zerbitzua umeak zaintzeko zuek berbetan zaudeten bitartean. Aitzakiarik ez mingaina dantzan jartzeko!", azaldu du Lucesek. Sendi Egizu eta Getxoko Udal Euskara Zerbitzuaren eskutik jaio zen, Getxoko umeen gurasoek euskara erabiltzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea helburu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun