"Piano bat bertsotan" ikuskizuna entzungai eta kantagai izango da etzi Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 26a, 20:28

Etzi, asteazkena, azaroak 28, "Piano bat bertsotan" emanaldia 20:00etatik aurrera Erandioko posta zaharrera ekarriko du Berbotsek. Bertsolaritzan bezala, musikarekin ere inprobisatu daitekeela frogatu nahi dute “Piano bat bertsotan” izeneko erronka honetan parte hartzen duten Ainhoa Ansa abeslari eta gitarra joleak eta Jagoba Astiazaran pianistak. Bertsolaritzan bezala, gai jartzailerik ere izango da, kasu honetan publikoa bera. Ikuskizuna ikustera doanak entzun nahi duen euskal kantaren izena jarriko du papertxoan. Musikariek zozketa bidez ateratzen den papertxoan jartzen duen kanta jo beharko dute. Horrela publikoak garbi ikusi ahal izango du musikariak inprobisatzen ari direla, eta beraiek erabakiko dute une oro zer entzun. Aldi berean, ordenagailuan euskal kanten hitzak izango dituzte sartuak, irteten den kanta irteten dela, pantaila baten bidez, publikoak abestu dezan. Publikoak ikuskizunean aktiboki parte hartzea da helburuetako bat, eta beraz, pasiboki ikustera joan beharrean ezinbestekoa izango da, bera baita ikuskizunaren programa erabakiko duena, eta era berean, abestuaz ikuskizuneko parte sentituko dena.

Hauez gainera, beste hainbat helburu ditu “Piano bat bertsotan” ikuskizunak. Batetik euskal kantagintza bultzatzea, eta historikoki Euskal Herriak kantatzeko izan duen zaletasuna berpiztea, egun pixkanaka galtzen ari baita. Era berean, memorian gordeta ditugun kanta zaharrak nahiz berriagoak azaleratzea eta berriz entzun ahal izatea. Zer esanik ez, kanten bidez, euskara eta bere kultura sustatzearena.

Erandioko saioa 20:00etatik aurrera izango da, ordu eta laurdenez, edo ordu t'erdiz gehien jota, Altzagako posta zaharrean. Ainhoa Ansa (ahotsa eta gitarra) eta Jagoba Astiazaranen (pianoa) eskutik izango da "Piano bat bertsotan" emanaldia. "Eta ez ahaztu! Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!", nabarmendu du Berbotsek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun