UPVko Irakasle Kaleratuen Sostengu Batzordea: "irakasle kaleratuekin elkartasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 26a, 21:16

UPVko bost irakaslek –“pankarta” ezagunaren partaideak, alegia– beren eskubideen ezagutzaren alde ia hamazazpi urteko borroka eta ahalegin burutu eta gero, “Iztueta legearen” onarpenarekin gatazkaren irtenbidera helduak ginela uste genuenean, asko zur eta lur geratu gara UPVko agintariek konponbidea gauzatzeko erabili duten modua ikusita. Haietako bi lan unibertsitarioetan berrasi diren bitartean –negoziaketa prozesu baten ondoren akordio batera iritsita–, beste hiru kaleratuek duela hamabost urte bezala segitzen dute. Are larriagoa dena: azken hauengana, sartu diren biengana ez bezala, ez da elkarrizketa eta negoziaketaren bidez baldintza duinetan beren lanera itzultzea posible egingo duen proposamenik egitera agintari unibertsitariorik hurbildu oraino. Argazkian, ertzain artean agertzen den Enrique Lopez eta beste irakasle kaleratuak gogor oldartuak izan dira hainbatetan.

Egoera tamalgarri honen aurretik gertatutako historia guztiaren jakitun garen arren, Leioako campuserako sarrerako atean ikusteak oraindik orain inpresionatu egiten gaitu: betiko pankartarekin, betiko eskariekin eta betiko hormaren babespean, beste irakasle askok berdintzen ez duten ordutegia betetzen. Batez ere kontuan badugu beren xede politikoa –Irakaslego Propioa– beste batzuen artean, haien konpromiso ezagunari esker lortu eta ezagutu dela. Beraiei hainbeste kalte eta ezbehar ekarri dien engaiamenduak, aldi berean, esparru unibertsitarioan onura ugari zabalduko du.

Irakurri eta entzun dugu kaleratuen kolektiboan diferentziak zeudela. Nolanahi ere, guk eta beste askok, urte luzeetako harremanen bidez, beti ikusi izan ditugu talde trinko bezala, ez soilik pankarta beraren atzean zeudelako, baita ere proiektu bera eta ideia berdinak batzen zituelako. Bestalde, ezin uka daiteke giza talde guztietan diferentziak sortzen direla, areago gorabeheraz betetako borroka-bide luzea egiten denean. Zein gizataldek, soziala zein politikoa izan, ez ditu bere baitan korronteak, sailak edo ikuspuntu ezberdinak edo kontrajarriak? Dena dela, kasu honetan penagarriena hauxe da: UPVko oraingo errektore-taldea zirkunstantzia horretaz modu zital eta bentajistan baliatu dela, arazoa konpondu behar zeneko eremu zentral erreibindikatzaile orokorretik taldeko kide batzuk diskriminatu eta baztertzeko. Gure iritziz, “pankarta” urte luze guzti hauetan eskari zehatz batzuen alde borrokatzen zuen pertsona talde txiki baten sinboloa baino gehiago izan da. Zinez uste dugu “pankartak” urte guzti hauetan, modu argi eta biribilean gauzatu duela, goi irakaskuntzan, gure herriak eskubide nazionalen eta subiranotasunaren alde daraman borroka. Esan daiteke “pankartak” bere hitzez-hitzezko adierazia, lan esparruko gatazka soila eta partaideen kopurua sobera gainditu dituela, eta eskubide osoz maila kolektibo sozial eta politiko zabalagoan sartu dela, edozein abertzale inplikatzen duela. Honegatik guztiagatik, guztiontzako konponbide justua eskatzeak eremu unibertsitarioak gainditzen dituen eskakizuna da. Gaur, inoiz ez bezala, irakasle kaleratuen eskakizunak gure egiten ditugu eta publikoki ezagut daitezen nahi dugu:

- Ez dadila Enrike Lopezekin gertatu den bezalako bazterketarik gerta. UPVk dio ez duela legeak agintzen duen irakasle izanaren urte kopurua betetzen.

- Ukitutako sailek ez dezatela oztoporik jarri haien txertaketa akademikoan, dagozkien eskubideak onartuz.

- Negoziaketa prozesuak 1993an Goiriena de Gandarias errektorearekin izandakoaren jarraibideak –forman eta edukietan– jarrai ditzala; gaurko egoerara egokituta, noski.

Baldintza hauetaz aparte, irakasle kaleratuek ez dute inolako tratu berezirik eskatzen. Guk ordea, unibertsitateak eta ordezkari politikoek eta sindikatuetakoek ageriko eskerrona zor dietela uste dugu, beraiek izan dira-eta gehien arriskatu eta apustu handiena egin dutenak Euskal Erkidego Autonomoak eta UPVk bereziki, independentzia politiko handiagoa eta eskumen gehiago eskura ditzaten irakasle kontratatuen kasuan. Edozelan ere, seguru gaude gure herriak, euskal herriak, ezagutuko diela haien zalantzagabeko ekarria nazio eraikuntzarako eta pairatzen duten egoera prekarioan (despediturik) laguntzen segituko duela, duela hamazazpi urte hasitako bidea justiziaz eta era duinean amaitu arte.

Jose Maria Lorenzo Espinosa, Jose Miguel Campillo eta Antxon Mendizabal, UPVko Irakasle Kaleratuen Sostengu Batzordearen izenean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun