Wagensbergen-en "Formen matxinada" liburua aurkeztu du Zio bildumak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 27a, 15:59

Zientzia euskaraz zabaltzea erronka duen "Zientzia Irakurle Ororentzat" (ZIO) bildumak Jorge Wagensbergen "Formen matxinada" lana aurkeztu du gaur goizean. Bildumaren seigarren aleak jendearen arreta bereganatzeko, ekitaldi berezi bat egin da Donostian, EHUko Gipuzkoako Campuseko Joxe Mari Korta Zentroan, eta han izan dira, Ludger Mees EHUko Euskara errektoreordea, Juan Garzia ZIO Bildumaren zuzendaria eta "Formen matxinada"ren itzultzailea, eta Jorge Wagensberg liburuaren egilea bera, “Azaleko auzi sakon bat” izeneko hitzaldia emanez. Wagensberg Bartzelonan jaio zen 1948an, eta egun Prozesu Itzulezinen Teoriako irakasle da Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultatean. Gainera, zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria zein La Caixa Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria ere bada.

Ikertzaile gisa Wagensberg argitaratu dituen lanek guztiz esparru zabala hartzen dute, biofisikatik hasi eta museologiaraino. “Jorge Wagensberg fisikaria da ikasketaz", adierazi du Juan Garziak, "baina ez da munduan ia ezer interesatzen ez zaionik. Jakintza eta jakingura partekatzeko ahaleginaren fruitu, zientziaren zabalkundean egindako lanetik da ezaguna publiko zabalarentzat. Argitaratu dituen liburuen izenburuari erreparatzea aski, literaturagile askori inbidia emateko moduko sormen bizi, jostari eta are poetiko baten jabe ere badela: ‘Izadia erantzuna bada, zein zen galdera?’, ‘Zenbat eta nola gehiago, orduan eta zergatik gutxiago’, ‘Buru-gozamena’…”

"Formen matxinada"

Lanon artean, leku berezi bat hartzen du, mamiz eta ospez, orain euskaraz plazaratzen den "Formen matxinada" hau. Hona zer dioten, hurrenez hurren, jatorrizko argitalpenaren eta euskarazkoaren aurkezpen-testuek:

“Liburu hau irakurriz gero, akabo ikusten ohituta zeunden mundua. Ezer ez da berdina izango; ez mundu bizigabea, ez bizidunena, ez zu zeu nahiz gainerako mundu-behatzaileak. Ikuspegia aldatuko zaizu, nahitaez. Eta ikusiari ere eragingo dio horrek, nolabait, ikuslea munduaren parte denez. Wagensbergek erakutsiko dizu –erakutsi, ez irakatsi– forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Hori gutxi ez eta, izadiaren adreiluak diren forma horiek, ez izatearen aurka matxinatuz, nola errealitateratu diren ere azalduko dizu; eboluzioaren teoria, alegia, materia biziaren esparrutik besteetara ere hedatua: biziaren aurretik (materia bizigabea) eta ondotik (materia kultua). Hala, solas eta jolas, materiazko bizi kultuaren ekoizpenak ere izango dira hizpide: sormena; artea, bereziki. Horien guztien atarian, konprenitzea (ulergarritasuna) zer den definituko du egileak, eta teoria-oinarri funtsezkoenak azalduko, estilo bizi-biziz betiere. ‘Formen matxinada’ osoa da, bestalde, teoria horren praktika zorrotz bezain gozagarria. Horra, bada, metodoa: zientziarena, jakina; uste ez zenuen alderdi askotara ere zabaldua, ordea, oraingoan: fraktal bat bezala, oro kolonizatuz. Bai: mundua ulertzea du xede liburu honek, zuk bezala, eta ezin egotziko diozu huts egin duenik, huts egin dizunik”.

Sariak itzulpenei

ZIOko zuzendariak, Itziar Laka eta Juan Garzia bera, oso pozik agertu dira kaleratu diren liburuek jaso dituzten iritzi on eta laudorioez. Besteak beste, aipagarria eta adierazgarria da ZIOko liburuak ia sistematikoki agertzea finalisten artean Literatura Itzulpenaren Euskadi Sarietan. Azkena, aurtengoa, Josu Zabaletak itzulitako "Zenbakirik gabe bizi" izan da, Paulos-ena, matematikaren ingurukoa. “Ez da lorpen makala, zientzia-dibulgazioko liburu batzuentzat, literaturekin aiseago lotu ohi den beste generoekin lehian ibiltzea, nahiz eta ZIOren helburu nagusietariko bat horixe izan, hain zuzen: bestelako literatura bezain atsegingarri izatea zientzia-irakurgaiok”, diote ZIOko zuzendariek.

Dagoeneko ZIOko labeetan dauden beste liburu batzuk (izenburuak behin-behinekoak dira): "Piztien gogoan barrena: zer duten animaliek benetan buruan", Hauser-ena; "Eder behar du: zientzia modernoko ekuaziorik bikainenak" (Farmelo argitaletxea); Pinker-en "Hizkuntza-sena"; Damasioren "Descartesen hutsegitea"…

ZIO EHUko Euskara Zerbitzuaren ardurapeko lana da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka.

ZIOren elkarrizketa

Hona hemen ZIOk egindako hiru galderatxori Wagensbergek emandako erantzuna, euskaraturik:

Zer matxinada mota da hau? Zeren aurka matxinatzen dira formak?

Errealitatean ziurgabetasuna da nagusi, eta hark bultza egiten du bakan eta gertagaitz den guztia desegiteko bidean: egonkortasuna, egokigarritasuna eta sormena. Hala, hiru aurpegi ditu matxinadak: egoteari, bizitzeari nahiz asmatzeari uztearen aurka baita borroka

Bada formen zientziarik?

Bai; morfogenesi esaten zaio, eta zera du aztergai:
zergatik existitzen diren forma batzuk eta ez beste batzuk.

Nork irakurri behar du liburu hau, eta nork ez?

Errealitatea konprenitzea axola zaion edonorentzat idatzia da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun