Listuaren test orientagarria egin eta minutu gutxitara merkatuan dauden droga mota nagusien presentzia detektatzen duen sistema bat aukeratu du Herrizaingo Sailak. Azterketa orientagarri hau beste polizia talde batzuek erabiltzen dute gaur egun, Mossos d´Escuadrak eta Erresuma Batuko Poliziak, esaterako.
Isunak
Lehenbiziko azterketa horretan substantziaren bat edo bat baino gehiago hartu izateagatik emaitzak positibo emanez gero, agenteek listuaren beste lagin bat hartuko dute, ondoren Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren laborategira ikertzen bidaltzeko. Azterketa horren emaitza froga gisa erabiliko da isuna jartzeko; 600 euro ordaindu beharra eta gidabaimenaren 6 puntu galtzea, eta baimen hori hiru hilabetera arteko epe baterako kentzea ekar dezake. Azterketa hau egiteari uko egiteak diru eta puntu kopuru berberak ezarrita zigor daiteke.
Agenteek polizia-atestatu bat abiatzea ere izango dute, trafiko segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita, positibo emateaz gainera gidaria drogen eraginpean gidatzen ari zela ikusten badute.
Drogak detektatzeko sistema hau Ertzaintzaren ohiko jardunbidearen parte izango da aurrerantzean, eta prebentziozko kontroletan ez ezik istripuak edo arau-hauste
larriak izan direnean eta gidariak sintomak dituenean ere erabiliko da. Orain arte, halakoen aurrean agenteek ospitaleetan egiten ziren azterketak erabili behar izaten zituzten, orain ezarri dena baino askoz ere prozesu zailagoa eta luzeagoa.
Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen datuen arabera, 2006an hil ziren 67 gidariri egindako autopsietan 11k (horien %16,5) positibo eman zuten drogak hartu izateagatik. Kanabisa, kokaina eta psikofarmakoak izan ziren aurkitutako gaiak. "Nerbio-sistema deprimitzen duten drogek (kanabisa eta opiazeoak, besteak beste) gidariaren erreakzio-ahalmena, kontzentrazioa eta erreflexuak murrizten dituzte", Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Bestalde, substantzia estimulatzaileek (anfetaminak, kokaina eta estasia, esaterako) "gidatzean kontrol-sentsazio faltsu bat eragiten dute, eta, horren ondorioz, koordinaziorik eza, erreflexu-falta eta ikusteko eta entzuteko zailtasunak izaten dira. LSDak eta gainerako droga haluzinogenoek, berriz, errealitatea jasotzeko modua aldatzen dute eta irudipenak sortzen dituzte".