Orain dela sei urte sortu zen Getxoarte, Arte Sortu Berrien Aretoa, arte proposamenik gazteenak erakusleiho bilakatzeko eta; era berean, sortzaile berriek euren lana ezagutzera emateko asmoz. Gainera, artista gazteek bere lanetan interesa duten pertsonekin zuzeneko harremana izateko aukera ematen du, bai publikoko jendearekin, bai sektoreko profesionalekin. Horrela, modu natural eta profesionalean, parte-hartzaileek, inolako oztoporik gabe, beren lanak gustuko duten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean.
Erakusketa anitza
Hiru egunez, orain arte anonimo izan diren baina etorkizun oparoa duten artisten lanen erakustoki erraldoia izango da Areetako Xake plaza. Erakusketak oso genero anitzak hartzen ditu: pintura, eskultura, argazkia, bideoa, marrazkia eta grabatuaz gain, estetika erlazionaleko lanak, ekintzak eta performance-ak izango dira ikuskagi. Horrela, ekitaldi honetara doazen bisitariek ikuspegi oparoa izango dute begien aurrean. Getxoarten aukera artistiko guztiak sartzen dira, proiekturik pertsonalenetatik hasita eta taldeko proiektuetaraino. Gainera, euskal arte produkzio garaikidearen orainaren eta etorkizunaren irudi bizia da. Aurtengo partaide gehienek EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasten dute. Getxoartek lankidetza estua dauka fakultate horrekin.
Guztira 68 artista gaztek parte hartuko dute Getxoarte 2007 jardunaldietan, Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza berria bultzatzeko eta sustatzeko asmoa duen ekimenean, hain zuzen ere. Ekitaldia azaroaren 30etik abenduaren 2ra arte izango da Areetako Xake plazako karpapean. Antolatzaileek adierazi dutenez, bisitariek hainbat motako lanak izango dituzte ikusgai: pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak, besteak beste. Getxoarteren ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 17:00etatik 21:30era, arratsaldez. Sarrerek bi euroko prezioa izango dute. Argazkian, igazko Getxoarte jardunaldien irudi bat.