Ideia da programa datu-base “bizi” edo eguneratu batekin osatzea, horrela, Udalari saltokiaren jabearen edo edozein daturen aldaketa eskatzen zaionean, aipatu datu-basean ere berehala jaso ahal izateko aldaketa horiek. Bigarren helburu bat izango da aldian-aldian udaltzainek denda eta saltoki guztiak bisitatzea, udal iturrien arabera. Hauek saltokietako jabe eta beharginei segurtasunaren, udal ordenantzen edo Euskal Autonomi Erkidegoko edota Espainiako beste edozein araudiren ganeko informazioa eskainiko diete, hala eskatuz gero. Halaber, jabe eta beharginek adierazitako kezka, beharrizan eta iradokizunak bilduko dituzte. Horrekin, dendetan segurtasun neurririk ahulenak zeintzuk diren jakiteaz gain, ohostu egin duten saltokietan lapurreta horiek egiteko arrazoi eta moduak ezagutzea lortu nahi du Herritarren Segurtasunerako Arloak.
Auzozainak
Gunean guneko saltokien ezaugarriak kontuan hartuta, auzozainak eta aurrezaintza neurriak sortzeko estrategiak abiatzea izango da hirugarren helburua. Halaber, Argiketa Unitatearen zerbitzua eskainiko zaie, salaketa jarri nahi eta udaltzain-etxera hurbiltzerik ez duten saltokietako ugazabeei, udaltzainak dendara bidaltzeko salaketa jaso aldera. Egitasmo honen berri eman eta salerosleei laguntza eskatzeko, Imanol Landa alkateak batzarra egingo du laster batean sektoreko ordezkariekin.