Mikel Gorrotxategi kexatu da "25 urte bete dituen Euskararen Legea ez denez garatu euskal izena erabiltzen ez duten udalei edo izen ofiziala txarto erabiltzen dutenei inork ez die muturreko bat ematen", Katalunian gertatzen den bezala. Izan ere, legeak dio euskarazko izena udalek finkatzen dituztela, baina Euskaltzaindiak finkatutakoa jarraituz. Gainera erderazko eta euskarazko izenak nahiko ezberdinak izanez gero orduan biak jarriko direla. Baina hau ez da betetzen Sopelan, Itzubaltzeta / Romon, Getxon, Erandio Landan eta beste hainbat lekutan.
Itzubaltzeta, Kresaltsu eta Romo
Gorrotxategiren aburuz, "demokraziaren hastapenetan bazegoen giro berezia izenak aldatzeko eta herrietan jendeak euskal izenak berreskuratu nahi zituen". Baina, euskaltzainak egun, "hainbeste denbora" pasatu ostean "gerra galdutzat" jo du Itzubaltzeta toponimoa berreskuratzea, nahiz eta horrek bere eremu txikiak egin dituen: futbol talde bat, gaztetxea eta denda bat.
Itzubaltzeta / Romo eta Areeta padura zen, azaldu duenez, lur horiek saltzen Espainiak bideratu arte. Orduan, Maximo Agirrek eremu bat erosi eta handik aurrera Areeta garatu zen bertan. Bestaldean, Matias Romo enpresario kanpotarrak lantegi bat egiteaz gain, Arenas Futbol Taldeari birsaldu zizkion lur batzuk, bertan futbol zelaia egiteko, eta futbolzaleen eraginez, eremu hori Romo bezala egin zen ezaguna.
Gorrotxategik jakinarazi duenez, padura horretan Kresaltsu izeneko eremua ere egon zen, gaur egun kale baten izenagatik mantentzen den toponimoa, eta bere ustez, Euskaltzaindiak eta euskalgintzak Kresaltsu hobetsi izatekotan errezago litzateke euskarazko izena ofizial bihurtzea. Baina, egun "nekez" uste du Itzubaltzeta / Romoko biztanleek Romo ez den beste izen bat onartuko luketeenik. Era berean, baztertu egin du Erromo esamoldea.
Bestalde, "Getxoko leku izenak" liburuan Sofia Susok eta Mikel Gorrotxategik berak aipatu zuten ez zekitela Euskaltzaindiak nondik atera zuen 1979an Getxoko Udalari aurkeztutako Itzubaltzeta toponimoa, baina gaur argitu du Jose Luis Lizundia euskaltzainak horren inguruan egindako ikerketen berri eman diola geroago, eta Getxo udalerriko Itzubaltzeta aipatzen duen dokumentazioa Portugaleteko artxiboetan topatua dela.
Getxo, Elexalde eta Andra Mari
Arazo antzekoaz aritu da Gorrotxategi Getxo herriari dagokionez. Izan ere, demokraziaren hastapenetan "Getxo inguruko euskaldunen artean" Euskaltzaindiak jasotako Elexalde toponimoa baztertu zuen Getxoko Udalak, Andra Mari izena, elizaren izen bera, ipintzeko. Eta orain, "auzo horretan" zaila ikusten du egoera konpontzea. Jende gehienak Andra Mariz hitz egiten du eta bitartean Getxo da elizatea eta udalerriaren sorburua eta oraindik oraindik "Elexaldera doan jendea Getxora doala dio".
Erandio Landa eta Erandio Goikoa
Baina, arrangura gehienez aipatu duen kasua Erandio Landakoa da. Bere garaian, "zinegotzi batek berak asmatutako" Erandio Goikoa izena jarri zioten aurretik erdarazko Erandio La Campa izen ofizial zuen eremuari eta izen artifizialak auzokideen identifikazioa eta harrotasuna eskuratu du. "Haien aburuz, arazoak hasi dira Xabier Kintana bertaratu zenean". Izan ere, Martiartuko euskaltzaina izan da ikerketetan eta Erandio Landaren defendatzailea da, auzokide askoren haserrerako.
Eusko Jaurlaritza eta toponimia
Bestalde, Gasteizko Gobernuek euskal toponimia berreskuratzeari oso baliabide mugatuak jarri dizkiotela ez du ezkutatu Mirari Alberdi Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako kideak, hein handi batean sarean dagoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toponimia datu-baseaz hitz egitean.