Ziberpunkaren eskutik mangara egingo dute salto bihar Leioako campuseko punk jardunaldiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 28a, 19:08

Mamoru Oshii zinemagile japoniarrak egindako "Ghost in the Shell (Kokaku Kidotai)" izenburuko filma egongo da ikusgai, ostegun honetan, azaroak 29, Erandio eta Leioako campusean, "Punk 1977+30" jardunaldien baitan. Zientzia fikziozko harribitxiak Masamune Shirow komikilariak 1989an argitaratutako manga ezaguna du oinarri, eta 1995an estreinatu zen. Etorkizun hurbilean girotua dago istorioa. Krimen teknologikoen aurka borrokan ari da IX. Saila. Kusanagi maiorra da talde parapolizial odoltsu horren ekintzailerik prestuena. Neska, berriz, "cyborg" bat da. Titaniozko gorputz batean gatibatutako giza burmuina baino ez. Arerio arriskutsu bati egin beharko dio aurre Kusanagik, baina: Txotxongiloen Maisua ezizeneko hiltzaile gupidagabeari. "Modus operandi" makurra du gaizkileak: gizakiaren burmuinean sartu, eta, hala, pentsamenduaren eta borondatearen kontrola erdiesten du. Gobernuak sortu zuen arren, sortzailearen aurka errebelatutako inteligentzia artifizial autonomoa da. Ihes egin du, eta giza gorputz eta nortasun berri baten bila dabil. Emanaldia 12:00etatik aurrera izango da, areto nagusian, sarrera dohainik.

Iñaki Lazkano zinema kritikariak orain aspaldi Berrian argitaratutako artikuluaren arabera, kultuko filma bilakatu da "Ghost in the shell". Wachowski anaiek eredutzat hartu zuten "The Matrix" filma irudikatzeko. "The Matrix" trilogia famatuaren argudio irudimentsuak Oshiiren maisulan ilunean du jatorria. Kontzeptua eta estetika bertsuak dira. "Ghost in the shell", ordea, urrats bat haratago doa. "Oshiiren filmak, Wachowski anaienak ez bezala, gizatasunaren inguruan duda sortzen du eta. Oroitzapenak izatea omen da gizakiak makinetatik bereizten dituen gauza bakarra. Txotxongiloen Maisuak gizakien oroitzapenak ezabatu eta oroitzapen faltsuak sortzeko gaitasuna du, ordea. Eta, horrek, gizakien eta makinen arteko mugak bereiztea ezinezko egiten du. Hortaz, zertan datza gizatasuna? Azken batean, "Blade Runner" maisulanean Ridley Scottek plazaratutako duda etiko berean sakontzen du Mamoru Oshiik "Ghost in the shell" gazi-gezan. Androideek ardi elektrikoekin amets egiten al dute, bada?", Lazkanok dioenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun